argia.eus
INPRIMATU
Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero
  • Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko otsailaren 21

Osasunbideako 11 medikuren artean 2,3 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2024an. 300 bat pertsonak 100.000 eurotik gora irabazten dute urtean, eta horietatik 11k batez beste 230.000 euro, hau da, 17.000 euro hileko. Horietako lauk hileko 20.000 euro patrikaratzen dituzte eta batek 24.000 euro hileko. 2023an gehien irabazi zuenak 243.000 euro eraman zituen, eta 2024an 288.000 euro.

EH Bilduk jakinarazi du urteko 100.000tik gora euro irabazten dituzten profesionalen kopurua gora doala: 2022an 376 izan ziren, 2023an 511 eta 2024an 667. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak legebiltzarrean adierazi duenez, gehien irabazten duen medikuak Nafarroako lehendakari María Chivitek baino hiru aldiz gehiago kobratzen du.

Gutxien irabazten duten medikuen berri ere eman du EH Bilduk: gehigarri berezirik ez dutenek 55.000 euroren bueltan jasotzen dituzte urtean; eta formakuntzan ari direnak bi mailatan daude, lehen urtez lanean ari direnek 18.000 euro irabazten dituzte eta bosgarren urtekoek 24.890 euro.

Txomin González EH Bilduko parlamentariak legebiltzarrean jakinarazi duenez, 2024an ordu estrak direla eta Osasunbidean diru gehien jaso duen pertsonak 183.915 euro poltsikoratu zituen. Bere kalkuluen arabera, oporretako 30 egunak kenduta, pertsona horrek urtean zehar 12 orduko lanaldia izan zuen egunero.

Dominguez: “Lan boluntarioagatik jasotako dirua da”

Otsailaren 13an legebiltzarrean EH Bilduri emandako erantzunaren arabera, Fernando Domínguez Nafarroako Gobernuko Osasun sailburuak argitu zuen irabaziok profesionalek egindako lanaren ordainketa gehigarriak direla, eta lan hori boluntarioa dela. Bere ustez, beraz, “ez litzateke ezer aldatu edo zuzendu behar”, baina bai arautu behar da gaia, lehentasuna arreta beharra izateko eta ez ahalik eta diru gehien irabaztea. Gobernua, dena den, soldata arrakala txikitzeko lanean ari dela aipatu zuen Dominguezek.

Ostegun honetan legebiltzarrean onartutakoaren arabera, beraz, gobernuari eskatu zaio urtebeteko epean aurkez dezala osasun sistema publikoan profesionalek dituzten irabaziei buruzko ikerketa. Berau “modu irekian aurkeztu beharko da, parte-hartze politikoa, sindikala eta herritarra bermatzeko, horrela irabazi berrien oinarriak kontsentsu zabala eta gardentasuna izan dezaten”.

Adostasun eta desadostasun ezohikoak eman dira ostegun honetan foru legebiltzarrean: UPNk eta PPk bat egin dute EH Bilduren eskaerarekin, hori bai, eskatuta ikerketa enpresa pribatu batek bidera dezala; PSN, Geroa Bai eta Vox aurka agertu dira, eta Contigo-Zurekin abstenitu egin da.