argia.eus
INPRIMATU
Osasunbideko Larrialdi Zerbitzuak kolapsatu direla salatu du ELAk
  • Larrialdi Zerbitzuaren kolapsoa “aurreikuspen ezagatik” eta “antolaketa eskasagatik” gertatu dela salatu eta Osasunbideko zuzendaritzak Larrialdietako Zerbitzuan behar adina langile egotea ziurtatu behar duela azpimarratu du sindikatuak.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 04a
Kolapso betean sartu da Nafarroako Unibertsitate Ospitalea (NOU) // Argazkia: ELA Sindikatua

Gaixoen demandak gora egiten jarraitzen du, eta gero eta mediku gehiago behar dira, gaixoek kalitatezko arreta zerbitzu bat jaso dezaten. ELAk salatu du Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua kolapso egoeran dagoela urtarrilaren 2tik: “25 pertsona baino gehiago daude korridoreetan ohatiletan ospitaleratuak izateko esperoan, horietako batzuk egun oso bat eramaten dute zain”. Aurreikuspen faltagatik eta antolaketa eskasarengatik gertatu dela dioe, eta Osasunbideko zuzendaritzari “erantzukizuna hartu” eta “konponbideak ezartzea” eskatu dio.

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko profesionalek adierazi dute paziente guztiak artatzeak “itxaronaldiak luzatu” eta “pazientearen intimitatearen eta arretaren kalitatea kaltetzea” ekartzen duela. Aparteko orduekin eta txanda bikoitzekin aritzen dira medikuak, langileen bajak bete nahian. Egoera “zaila” izaten ari dela azpimarratu dute zerbitzuko profesionalek.

Neurrien malgutzea

Osakidetzan, bestalde, medikuen faltaren arazoari irtenbidea eman nahian hasi dute 2024a, Deia-k jaso duenez. Hori dela-eta atzerriko profesionalak hartzeko neurriak malgutuko dituela iragarri du Euskal Osasun Zerbitzuak asteazkenean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu duen ebazpenean, eta aldi baterako kontratazioak izango direla azpimarratu dute.