argia.eus
INPRIMATU
Esklusibotasuna kobratu arren, Osasunbideako hamar mediku enpresa pribatuan ari dira, LABek dioenez
  • Imanol Carrera Nafarroako LABeko koordinatzaileak ostegun honetan eman du horren berri Iruñean egindako agerraldian. Bere esanetan, praktika txar hori orokortua da Nafarroako osasun publikoan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko martxoaren 16a

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamenduak jakinarazi duenez, Osasun Zerbitzuko 2.300 medikuetatik 42k uko egin diote esklusibotasunari eta, beraz, ez dute jasotzen sare publikoan bakarrik aritzeagatik eskuratzen den diru-saria, gutxi gorabehera 800 bat euro hileko. LABek mediku horien zerrenda eskatu zion departamenduari, eta hark astelehen honetan helarazi zion.

Zerrenda eskuan, LABek salatu du hamar medikuk esklusibotasunaren diru-saria jaso eta, gainera, mediku lanetan ari direla klinika pribatuetan. Hori legearen aurkakoa dela diote sindikatutik, eta gainera, egoera larriagoa dela, horietako mediku batzuek esklusibotasuna eskatzen duten ardurak dituztelako.

Karrerak azaldu du legez kanpoko jarduera horiek oso sustraituta daudela Osasunbidean, eta eskatu dio Foru Gobernuari miaketa zorrotza egin dezala kasu guztiak azaleratzeko. Iragarri du, halaber, salaketa jarriko duela Praktika Onak eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoan.

Orain salatutako kasu horiei gehitu behar zaio iragan otsailaren 8an LABek berak azaleratu zuen beste kasu bat: Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia buruak ere esklusibotasun saria eskuratzen zuen eta, aldi berean, eremu pribatuan ere ari zen mediku lanetan.

Azken asteetan bolo-bolo dabil medikuen esklusibotasunaren gaia Nafarroan, Nafarroako Medikuen Sindikatuak bere grebarako erabilitako eskakizunetako bat izan baita, hots, esklusibotasuna kobratzea eta, aldi berean, klinika pribatuetan lan egin ahal izatea. Gainerako sindikatuak eskaera horren aurka agertu dira, horrek zerbitzu publikoa kaltetzen duelakoan, eta Osasun Departamenduak ere, azkenean, ez du onartu eskaera hori.

Greba 23an eta manifestazioa 18an

Puri-puri dago lan gatazka Osasunbidean eta sindikatu nagusienek beste greba bat deitu dute hilaren 23rako, Osasun Departamentutik egindako eskaintzak haien eskaerak ez dituelako guztiz asetzen. Datorren larunbatean, halaber, Nafarroako Osasun Plataformak manifestazio deialdia egin du Iruñean, 17:30ean Golemetan. Gehiengo sindikalak sostengua erakutsi dio mobilizazioari.

Azpian, LABek eman duen pertsaurrekoaren zati bat: