argia.eus
INPRIMATU
Osasunbideak ostegunean hartuko du bere gain Nafarroako Ospitale Guneko sukalde zerbitzua
  • Osasunbideak berriro eskuratuko du Nafarroako Ospitale Guneko elikadura zerbitzua, medio propioekin, UPNk pribatizatu zuenetik lau urtetara, Noticias de Navarrak jaso duenez. Eskainiko dituzten plateren kalitatea frogatu dute, gaixoen berreskuratze prozesuan lagungarriak izan daitezen.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 29a
Arg.: Noticias de Navarra

Lau urte eta lau hilabeteren ostean, ostegunean Nafarroako ospitaletako sukaldeak berriro publiko izango dira. Osasunbideak zerbitzu osoa bere gain hartuko du: erosketa, janaria prestatzea, plateretan jartzea, banatzea eta garbitzea. Kalitatearen aldeko apustua egingo dute; horretarako, elikagai freskoak lehenetsiko dituzte, janari prozesatua eta kontserbagarriak saihesteko.

140 langile publikok beteko dituzte funtzioak. Profesionalen talde batek 170 plater probatu ditu, fitxa teknikoak frogatzeko, beharrezkoa denean aldatzeko eta minimoak betetzen ez dituzten platerak kentzeko.

Sukaldeen pribatizazioa: urte batean 2.200 kexa

Mediterranea Catering-ek 2013an eskuratu zuen zerbitzua, 22,8 milioi eurorengatik. Pribatizazio prozesuan, ospitaleko langileen mobilizazioak eta sindikatuen kexak etengabeak izan ziren eta enpresa lanean hasi zenean gaixoen kexak hasi ziren. Lehen urtean 2.200 erreklamazio jaso zituzten –aurreko hiru urteetan, berriz, hamabost–. Garai horretan Nafarroako Ospitale Gunean egon ziren pazienteen %43k esan zuen ingresatuta egondako garaian elikaduraren kalitatearekin lotutako arazoak izan zituela.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak espediente zigortzaileak ireki zituen enpresaren eta Nafarroako Legebiltzarraren aurka, ikuskapenetan aurkitutako arau-hausteengatik. Higieneari, instalazioen funtzionamendu eta mantenuari eta kutsatze gurutzatuaren arriskuari lotutako arazoak ikusi zituzten.