Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.
Duela hiru urte Osasunbideak mediku plaza bat kendu zuen Erronkarin. Hori dela eta, bi mediku eta hiru erizainekin geratu ziren bailara osoa artatzeko. Azaroan, Izabako osasun etxeko zuzendaritzak iragarri zuen erizain lanpostu bat kenduko zuela. Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak eta erizain ohiak, salatu du erabakia “arbitrarioa” izan dela eta ez dituztela udalak kontuan hartu: “Herritarren ordezkariak gara, eta horrelako erabakiak beti zonaldeko arduradunekin kontsultatu behar dira. Gu gara benetan zonaldeko beharrak ezagutzen ditugunak”.
Erabaki horren kontra daude Uztarrozeko, Urzainkiko, Erronkariko, Gardeko, Burgiko eta Bidankozeko udalak, alegia Erronkariko bailarako udal guztiak, Izabakoa izan ezik. Izabako osasun zentroko zuzendaritzarekin bildu ziren, zergatiaren azalpenak eta zonaldearen kudeaketarako plana eskatzeko eta “harrituta” eta “haserre” daudela adierazteko. Horren ostean, urtarrilaren 16an, Osasunbideak jakinarazi zien bat egiten zuela Izabako osasun etxeak hartutako erabakiarekin, eta erizaina ez dela itzuliko. “Gure harridurarako, soilik hegoaldean dauden herrien kontsultategien plana erakutsi ziguten. Horren arabera, Erronkariko eta Burgiko kontsultategiak soilik hiru egunetan izanen dira zabalik; Gardekoa bitan eta Bidangozekoa behin baino ez”.
"Erizainek oso lan garrantzitsua egiten dute, plaza bat kenduz kolokan jartzen dituzte zaintza, prebentzioa eta osasun komunitarioa"
Erizaina kentzeko arrazoiari dagokionez, Osasunbideak emandako argudioak “sakontasunik gabekoak” direla dio Viñualesek: “Soilik kontuan hartu dute zenbat osasun txartel dauden, eta ez dute aintzat hartu zer-nolako herritarrak dauden. Hau da, ea zaharrak diren edo ez, gaixotasun kronikorik daukaten…”. Horregatik, azterketa “sakon bat” egiteko eskatu diete.
Hogeita bederatzi urtez erizaina izan da Viñuales; ongi ezagutzen ditu bailaran dauden beharrak eta lan karga. Azaldu duenez, soilik bi profesional daudenean, bat gaixotzen bada pertsona bakarrarengan erortzen da lan zama guztia, eta soilik larrialdiak artatu ditzakete. Hori dela eta, prebentziorako neurrietan eragingo duela dio: “Lehen mailako arreta ez da soilik sendaketak egitea, injekzioak jartzea eta horrelakoak. Erizainek oso lan garrantzitsua egiten dute prebentzioan, baina erizain plaza bat kenduz kolokan jartzen dituzte zaintza, prebentzioa eta osasun komunitarioa”.
Despopulatzea areagotzen duen neurria
Horrez gain, landa eremuko despopulatzea “areagotzen” duen neurri bat dela salatu du. Nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela despopulatzea saihesteko zerbitzu publikoak bermatzea eta hezkuntza, osasuna eta hazkuntza babestea: “Ditugun zailtasunez gain, nahitaezkoak diren zerbitzu horiek guztiak kentzen badituzu, jendeak ez du erabakiko hemen bizitzea”.
Viñualesek argi utzi nahi du udalen haserrea ez dela osasun arloko profesionalek eskaintzen duten arretarengatik. Kontent dira langileekin eta ez dute nahi zerbitzua gehiago murrizterik. Horregatik, Osasunbidearekin hitz egiten jarraituko dute: “Erabaki guztiak gerora komunikatu dizkigute, eta hori oso larria da. Udalok gure zonaldeko oinarrizko zerbitzuak defendatu behar ditugu”.