argia.eus
INPRIMATU
Osasunaren pribatizazioa salatzera deitu du apirilaren 7ko kazeroladarekin Lurgatz talde feministak
  • Apirilaren 7an Osasunaren Nazioarteko eguna denez, 20:30etan kazerolada "publikotasuna eskatzeko eta pribatizazioa salatzeko" egitea eskatu du Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak. Horren adibide, bailaran eskualde ospital publiko baten ordez Asunción Klinika pribatua dutela gogorarazi dute.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a
Lurgatz talde feministaren ekintza bat.

Hona hemen osorik, plazaratu duten artikulua:

"Apirilak 7 Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu eta lehenik eta behin burura datorkigun hitza, Koronabirusa da. Hala ere, ez da bizi dugun egoeraren erantzule bakarra eta gaurkoan, pribatizazioa jarri nahi dugu lehen lerroan.

"[Osasungintzako] baliabide eskasiak eraman gaitu koronabirusaren muturreko egoerara"

Espainian zein Hego Euskal Herrian dugun osasungintza urteak joan ahala pribatizatzen joan da osasungintza publikoaren inbertsioa jaitsiaz. Tolosaldean Asunción Klinikaren kasua dugu, TOPA plataforma urtetan salatzen ari den kasua. Bada 2004. urtetik Madrilen osasun publikoaren pribatizazioaren aurka lanean diharduen medikuez osatutako mugimendu soziala eta argi helarazten du eskuartean dugun baliabide eskasiak eraman gaituela gaixotasun honek muturreko egoerara.

Hego Euskal Herrian gure osasungintzako langileak ahal duten guztia egiten ari dira baina baliabide material eskasiak ez die nahi duten lekura iristen uzten eta egunerokotasunean arriskuan aurkitzen dira. Beste hainbat lurralde aztertuz gero, esaterako Alemania, guk geuk baina askoz ere kalte gutxiago pairatu dituzte baliabide gehiago izatean.

"Emakumeari kalte handiagoa egiten dio pribatizazioak, bera baita etxe gehienetan zaintzaren arduradun"

Hau guztia, sistema kapitalista honetako pertsona oro ari da kolpatzen baina esan beharra dago emakumeok* egoera lazgarriagoa bizi dugula. Emakumea* zaintzaren alorrean nagusi izanik, kalte handiagoa eragiten dio pribatizazioak, bera baita etxe zein familia gehienetan zaintzaren arduradun. Gainera, nahikoa ez zaintzak dakartzan krisi egoerei aurre egiten eta orain egoera okerrera biderkatu da.

Beraz, apirilaren 7an publikotasuna eskatzeko eta pribatizazioa salatzeko arratsaldeko 20:30ean balkoietara atera eta kazerolada bidez, zalaparta ateratzeko deia egiten dugu".