Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) diru gehiago erabiltzen du urtero bere 7.000 kideen bidaiak ordaintzeko osasun publikoaren aurkako zenbait mehatxu larriri aurre egiteko baino, Associated Press (AP) berri agentziak eskuratu duen barne-txosten batean ikus daitekeenez.
APk zabaldutako informazioaren arabera, OMEk 200 milioi dolar inguru (178 milioi euro) gastatzen ditu urtero bidaietan. Iaz, esaterako, 190 milioi dolar bideratu zituzten hiesaren eta hepatitisaren (71 milioi), malariaren (61) eta tuberkulosiaren (59) aurka borrokatzeko.
APren esanetan, OMEko zenbait kide barne mailan kexatu dira erakundeko kide guztiek ez dituztelako behar bezala betetzen bidaia-gastuetarako arauak. Agentziak eskuratu egin du 2015ean OMEk egindako barne mintegiaren bideoa: horretan, Nick Jeffreys erakundeko finantza zuzendariak dio “ezin gara beti ziur egon langileek beti txartelik merkeena erreserbatzen duten, edo bidaia beharrezkoa izan den ere”.
“Bidaiak beharrezkoak dira”, adierazi dio OMEk APri, “baina erakutsi behar dugu modu egokian kudeatzen ditugula”. Osasunaren Mundu Erakundeak dio iaz %14 gastatu zutela bidaietan aurreko urtean baino –urte hartan ohi baino bidaia gehiago egin zuten Afrikako ebola epidemia zela eta–.
Hala ere, barne mailan egindako analisiak dio langileek ez dituztela bidaia-gastuetarako arauak betetzen. APk zabaldutako albistea erakundeko zuzendari nagusi Margaret Chanek joan den hilean Gineara egindako bidaia baten adibidea emanez hasten da. Ebolaren aurkako lehen txertoaren aurkikuntza ospatzeko jan zen Afrikara OMEko burua. Gaua luxuko hotel batean igaro zuen, gaueko 900 euroko prezioa duen logelan.