Ikerketa batek agerian utzi duenez, munduko erakunde humanitario nagusietako boluntario batzuek Kongon zenbait emakumeren aurkako sexu-abusuak egin dituzte. 2018 eta 2020 bitartean izan zen. Ebolaren pandemia gogoorrari aurre egiten laguntzera bidalitako GKEtako gizonezko langileak dira salatutakoak.
Urtebeteko ikerketa argitaratu dute New Humanitarian berri agentziak eta Thomson Reuters Fundazioak eta horren berri eman du The Telegraph hedabideak. Ondorioek gogor astinditu dituzte munduko GKE nagusiak beste behin ere, Oxfamen Haitiko kasuaren ardurak erabat argitu gabe daudela.
Ikerketak 51 emakumeren salaketak jaso ditu. Munduko erakunde humanitario nagusietako boluntario batzuek sexu-abusuak egin dizkiete edo esplotatu egin dituzte. GKE horien artean daude Osasunaren Mundu Erakundea, Oxfam, UNICEF eta Mugarik Gabeko Medikuak, World Vision, Alima eta migrazioetarako Nazio Batuen erakundea.
Salaketa gehienak (31) Osasunaren Mundu Erakundearen langileen aurkakoak dira eta beste zortzi emakumek salatu dute beren abusatzaileek Kongoko Osasun Ministerioarentzat lan egiten zutela. Biktimek ezin izan dituzte gizon guztien nazionalitate zehatzak baieztatu. Hala ere, batzuk Belgika, Kanada, Frantzia, Burkina Faso, Ginea eta Boli Kostakoak direla argi dute. Akusazio horien ondorioz, Nazio Batuetako idazkari nagusi Antonio Guterresek ikerketa eskatu du.
Emakumeek salatu dute langile humanitarioek sexua proposatzen zietela, edo behartu ere egiten zituztela, lana ematearen truke. Emakumeek ezetz esanez gero, bota egiten zituzten. Gehienak sukaldariak ziren, edo hilean 50-100 dolarreko kontratu laburrak zituzten garbitzaileak. Kongoko soldataren batazbestekoaren bikoitza. Mediku, administratzaile eta osasun-langile gisa lan egiten zuten GKEetako gizonek txofer ofizialak erabiltzen zituzten emakumeak hotel, etxe eta bulegoetara eramateko. Ikerketan lau gidariren testigantzak jaso dituzte.
Salaketa horietako bat ebola gainditu zuen 32 urteko emakume batena da. Ikerketak jaso duenez, gizon batek deitu zion aholkularitza-saio batera joateko gonbita eginez –Ebolaren pazienteen telefono-zenbakiak gordetzen zituzten alta eman ondoren jarraipena egiteko–. Gizonak esandako hotelera joan, hallean elkartu eta freskagarri batera gonbidatu zuen. Ordu batzuk geroago, hoteleko gela batean bakarrik eta biluzik esnatu zen. Bortxatu egin zutela salatu du.
"Senarra galdu nuen ebolagatik", esan zuen, eta gertakariaren inguruan isilik egon zela gaineratu zuen, Ebolaz kutsatzeko beldur ziren pertsonen aldetik jada arbuiatua sentitzen zelako. "Laguntzaren ordez, trauma gehiago lortu nuen". Beste bi emakume haurdun geratu ziren.
Abusu gehienak Beni hirian gertatu ziren, Kongoko ekialdean, Ebolaren agerraldiaren epizentroetako bat. Oso litekeena da jakinarazi ez diren askoz salaketa gehiago egotea.
Mugarik gabeko Medikuak, UNICEF eta Kongoko Osasun Ministerioko kideek adierazi dute ez zituztela akusazioak ezagutzen publiko egin aurretik, eta neurriak hartzeko informazio gehiago beharko dutela.