argia.eus
INPRIMATU
Osasuna aferan atxilotutakoek epailearen aurrean deklaratuko dute
  • Espainiako Poliziak ostegun goizean atxilotu zituen Osasunako lehendakari ohi Miguel Archanco, Angel Vizcay gerente ohia eta Txuma Peralta, hauen zuzendaritzako kide zena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko martxoaren 06a
Ezkerretik hasita, Archanco, Peralta eta Vizcay.

Peralta, Archanco eta Vizcayk komisaldegian pasa dute gaua. Iruñeko Instrukzio Auzitegiko bigarren salak agindu zuen atxiloketa, atxilotuen agintaldian Osasuna taldean desagertutako 3,7 milioi euroren ikerketaren testuinguruan. Epaileak sekretupean jarri du sumarioa eta ostiral goizean hartuko die deklarazioa. Ostiral goizean, halaber, Patxi Izko eta Juan Pascual, hurrenez hurren Osasunako lehendakari ohi eta lehendakariorde ohiak, komisaldegian ari dira deklaratzen.

Joan den otsailaren 17an Marca kirol egunkariak azaleratu zuen Estatuko Ustelkeriaren Aurkako Epaitegia Osasuna ikertzen ari zela iragan denboraldian jaitsiera saihesteko egin omen zituen hainbat ordainketengatik, besteak beste Betis eta Espanyol taldeetako jokalariei. Biharamunean Angel Vizcayk SER kateari egindako adierazpenetan, onartu zuen Betiseko bi jokalariri 250.000 milioi euro eskaini zizkiela.

Osasunaren gaineko diru kontuen ekaitza ez da geratu harrez gero. Espainiako Futbol Profesionaleko Ligak (LFP) gorritxoen egungo zuzendaritzari taldearen auditoria aurkeztu ondoren, hilaren 19n gaur egun Luis Sabalzak zuzentzen duen Osasunako zuzendaritzak salaketa jarri zuen epaitegien aurrean, argi ez ziren diru mugimenduengatik.

Ezohiko keinuan, Fermin Otamendi epaileak Osasunako kontuak ikertzeko agindu zuen salaketa jarri eta ordu gutxira. Hasieran 1,5 milioi eurori buruz hitz egin zen, ondoren 2,4 milioiez eta orain epailea 3,7 milioi euroren erabilera aztertzen ari da, taldearen kontuetatik atera direla bai, baina ez dagoelako garbi nora eta zertarako.

LFP ikertzen ari den partiduen ustezko salerosketak edota bestelako delitu ekonomikoak frogatuko balira, Osasuna kategoriaz jaistera zigortu dezakete. Hori kirol eremuan, oraindik inongo inputaziorik ez badago ere, balizko delituengatik zigor penalak ere egon baitaitezke.

Barne diru kontuen esparruan, halaber, EH Bilduk otsailaren 19an publiko egin zuen Nafarroako Kutxak (CAN) 55 milioi euroko mailegua eman ziola Osasunari 2009an. Espainiako Bankuaren txosten batean oinarritzen zen horretarako. Egunak ezer jakin gabe egon ondoren, Lourdes Goikoetxea Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi berri du ez zela halako mailegurik izan, eta datu hori Espainiako Bankuak argitu beharko duela.

Espainiako Bankuak aste honetan Nafarroako Legebiltzarrera bidalitako gutunean, ostera, mailegu hori egiazkoa dela aipatzen du, baina ez du informazio gehiagorik zehazten dokumentu hori erreserbatua dela argudiatuz.

Irregulartasunak bata bestearen atzetik azaleratzen ari dira kirol esparruan ere estu dabilen Osasunaren inguruan eta martxoaren 2an Gara-k erreportaje zabala kaleratu zuen Osasunako harrobiko gazteak aterpetxeaz arduratu izan den Amigó Iruñeko ikastetxeaz, aterpetxeen fakturarik agertzen ez delako. Foru hauteskundeetarako UPNren hautagai den Javier Esparza Amigó ikastetxeko irakaslea da eta eszedentzian da egun; bera zen orduan Nafarroako Gobernuko kirol zuzendaria eta harreman estua ei du atxilotutako Txuma Peraltarekin.