argia.eus
INPRIMATU
Osasunako agintari ohirik ez dute epaituko, BEZ zergarekin lotutako iruzurragatik
  • Futbol taldeak fiskaltzarekin eta Nafarroako Ogasunarekin lortutako akordioa berretsia izan da: 1,4 milioi euroko isuna ordaindu beharko du klubak, eta 45 hilabetean ez du jasoko ez diru laguntzarik ezta pizgarri fiskalik ere.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko irailaren 15
Miguel Archanco Osasunako presidente ohia, artxiboko argazkian / EITB

Astelehenean zen hastekoa Osasunako zuzendaritza batzordeko zortzi kide eta bi langile ohiren aurkako epaiketa Nafarroako Auzitegian, 2010-13 artean egindako iruzur fiskalagatik, BEZ zergarekin loturik. Klubak 5,4 milioi euro utzi zituen ordaindu gabe. Epaiketa, baina, bertan behera geratu da, alde guztiek berretsi baitute pasa den astean lortutako akordioa.

1,4 milioi euroko isuna

Hasiera batean klubak isun handiagoa jaso zezakeela zirudien, baina delitua aitortu, justiziarekin kolaboratu eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartuko dituela agindu duenez –fiskaltzaren arabera–, 1,4 milioi eurokoa izango da azkenean. Aurrez, gainera, klubak 6,8 milioi euro ordaindu zikion Ogasunari, zorraren atzerapenagatik.

Ez dira kartzelara joango

Zuzendaritzako zortzi kide ohiei 16 eta 28 hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baina ez dira kartzelara joango, mina arindu nahi izanaren aringarria aplikatu zaielako batetik, eta epaiketa hasteko denbora askotxo pasa delako bestetik.

Miguel Archanco presidente ohiak, Angel Vizcay kudeatzaile ohiak, eta Jose Manuel Puros eta Juan Antonio Pascual zuzendaritzako kide ohiek 28 hilabeteko espetxe zigorra onartu dute; Patxi Izco presidente ohiak 22 hilabetekoa; eta Sancho Bandres, Txuma Peralta eta Manolo Ganuzak hamasei hilabetekoa. Bestalde, Tomas Lopez eta Jose Gomez langile ohiak absolbitu egin dituzte.