Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.
Joko menpekotasuna borrokatzea du helburu aipatu dekretuak, gazteen artean bereziki. Mikel Arana Espainiako Gobernuko joko zuzendari nagusiak aipatu izan duenez, futbolariak jokoarekin lotutako iragarkietan agertzeak edota kamisetetan enpresa horien izena eramateak ez du mezu positiboa bidaltzen, "Ligak izan beharko lukeeneren inguruan".
Hortaz, Osasunaren kasuan, Olybet enpresaren presentzia ez da oso agerikoa izango –online plataformetan izan dezakeenaz gain–. Gauza bera gertatzen da klubak Txina eta Filipinetako apustu etxe banarekin lortutako akordioekin. Azken asanbladan eman zuen zuzendaritzak hitzarmen horien berri.
Ingelesez zabaldutako oharrean, Osasunak adierazi du akordioak bidea irekiko duela haren izena Letonia, Estonia eta Lituanian ezagutzera emateko, "non futbolaren populartasuna hazten ari den".