Miren Exposito naiz eta 39 urte ditut. Nire bizitzan amets gaizto bat agertu zen orain dela urte asko, gehiegi esango nuke; minbizia deitzen da. Nire aitak 32 urte daramatza minbiziaren aurka borroka egiten. Nire bizitza osoa daramat ospitaleetan, hasieran San Sebastian Klinikan , gero Basurtoko Ospitalean eta azken hamabi urteetan Gurutzetako Ospitalean. 2018tik hamar edo hamabi ebakuntza egin dizkiote aitari, ez gara Gurutzetako Ospitaletik atera, nolabait esatearren.
Pandemia hasi zenean nire aita ingresatuta zegoen Gurutzetako Ospitalean. 2020ko uztailean hamar egun eman zituen Bizkorketa Unitatean, gel hidroalkoholikorik ere ez zegoen pasilloan. Lotsagarria benetan. Gero eta langile gutxiago dago Gurutzetako Ospitalean, baina gaixoak ez dira gutxiago, askoz gehiago baizik. Pasa den urtean osasunez nahiko gaizki ibili zen, baina pandemian geundenez, frogak atzeratu ziren; ez bakarrik nire aitarentzako, baizik eta guztiontzako.
Menpekotasun balorazioa eskatu genuen eta lehenengo gradua eman zioten. Horrekin eskubidea dauka egunero ordu betez zaindua izateko; andre bat joan da bere etxera, zaintza zerbitzua eskaintzera. Oso pozik egon gara berarekin eta hemendik bere zerbitzua eskertu nahi genioke.
Urtea larrialdietan bukatu zuen. Handik lau egunera berriro ingresatu zuten, bi aste beranduago berriro joan ginen larrialdietara, eta handik aste betera berriro ingresatu zuten beste zortzi egunez. Erresonantzia egin zioten, eta han agertu zen beste tumore bat, handia. Otsailaren 17an ebakuntza egin zioten, eta eskerrik asko zirujauei, eskerrik asko erizainei, eskerrik asko han egon ziren langile guztiei.
Kalean jakin nuen egoitza soziosanitarioak existitzen direla, eta plaza bat eskatu nuen aita han sendatzeko eta indarrak hartzeko. Ezetza jaso nuen. Errekurtsoa jarri nion, eta berriro jaso nuen ezetza, arrazoituz bere patologia ez dela hara bideratzekoa. 77 urteko gizon bat, izter osoa goitik behera josita –handik hartu zioten muskulua–, eta sabelaren beheko partea josita –tumorea han zeukan–. Horrela egonik ere, ez omen zuen merezi egoitza bat errekuperatzeko. Harrigarria benetan.
Azkenean nire etxera etorri zen, sendatzeko eta indarrak hartzeko. Bizkaiko Foru Aldundia ez da kezkatu ezertaz. Eskerrak nire aita 35 urte baino gehiagoz egon dela Foru Aldundiarentzako lana egiten… eskerrak. Nire etxean aita hartzeko lekurik neukan ala ez, horrek ez ditu arduratu. Nire etxea txikia da, eta nik sofan lo egin behar dut. Bi alaba ditut, nagusia 7 urtekoa eta txikia 2 urtekoa. Nire bikoteak Madrilen lan egiten du, eta ez da etortzen astebururo Bilbora. Eta ni bajan nago zeren ezin dut guztiarekin. Ezin dut. Sistema hau nire osasuna suntsitzen ari da.
Biopsiaren emaitzak jaso genituen, eta handik zuzen onkologora berriro. Angiosarkoma eta karzikoma epiteloidea, bi minbizi gehiago antzeman zizkioten. Mundua gainera erori zitzaidan. Bere osasuna okerra doa, bere osasun mentala barne, eta horrek eguneroko bizitzaren okertzea dakar. Menpekotasun balorazioaren azterketa eskatzen dut, nire ustez eta Gurutzetako Ospitaleko hainbat langileren ustez bigarren gradua merezi baitu. Pasa den astelehenean etorri ziren bere etxera Foru Aldundiko medikua eta gizarte zerbitzuetako langilea, eta hauxe nire sorpresa: ez diote eman bigarren gradua. Are gehiago, kendu egin diote lehenengo gradua. Medikuaren iritziz, “buru-argi ikusten dut eta horregatik kentzen diot menpekotasun gradua”. Nire aita ez da gai bere burua garbitzeko, galtzerdiak ipintzeko, makurtzeko... Harrituta, shock egoeran geratu nintzen, eta berdin jarraitzen dut oraindik. Jakin dut Aldundiak enpresa berri bat kontratatu duela menpekotasun balorazioak egiteko; hasieran uste nuen Foru Aldundiko langileak zirela baina ez, ez da horrela. Enpresa pribatua da, eta azken finean berentzako zenbakiak gara, ez pertsonak.
Nire aitaren bizitza bukatzen ari da eta oso triste nago, amets gaizto hau bukatzen ari da eta beldur naiz. Orain kimioterapia tratamendua hasiko du eta zoritxarrez itxaron zerrenda dago, denbora bere kontra du. Ikusita ezer gabe geratu dela, nire etxera ekarriko dut bera zaintzeko. Nire etxeak ez dauka igogailurik eta komuneko obra egingo dut azkar batean, aitarentzat egokitzeko. Bilboko Udalaren Egokitu Planerako laguntzak eskatzeko gutxienez sei hilabetez egon behar da bat erroldatuta, eta menpekotasun egoera aitortu gabe ez dizute ematen Gizatek laguntza –gainera bi urte erroldatuta egon behar da gutxienez–. Nik orain daukat obra egiteko beharra, ez sei hilabete edo bi urte barru, ordurako oso berandu izango baita. Oso triste nago, oso. Nire aitaren azkenengo hilabeteak dira eta ez daukat ez indarrik ez gogorik Foru Aldundiarekin errekurtso luze batean sartzeko. Aita zaindu behar dut, berarekin egon nahi dut, ez tramiteetan. Sistema honetan dirua baduzu ondo, diru barik hor konpon.