Klubeko ordezkariek azaldu dute GKSren pankarta batek bultzatu zuela Espainiako Poliziaren koordinatzailea beste ikur batzuk kentzeko agindua ematera. Gertatutakoa gaitzetsi eta barne ikerketa abiatuko duela jakinarazi du Osasunak.
"Osasuna-Mallorca partida jokatzen ari zenean banderak eta pankartak kendu izana dela-eta, Zuzendaritza Batzordeak erabaki du barne-ikerketa eta espediente bat abiatzea, egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko eta horren arabera jarduteko. Horren guztiaren berri emango da. Era berean, argi utzi nahi du atzo estadioan izandako gertakariak deitoratu eta ez dituela onartzen".
Osasunaren ohar labur horrek erreferentzia egiten die, batetik, Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) Sadarreko Hego Harmailan zabaldutako pankartari; eta bestetik, hura dela-eta Espainiako Poliziako koordinatzailearen aginduz kendu zituzten beste pankarta eta bandera batzuei, ikurrina eta Nafarroako bandera banari adibidez.
Kirolaren Legeak klubak behartzen ditu estadioetan erakutsiko diren ikurren berri ematera, nahi eta Osasunaren irizpideak "oso malguak" izan ohi diren, Noticias de Navarra egunkariak jaso duenez. Ordea, Klubeko arduradunek azaldu dute GKSk ez zuela pankartaren berri eman –urtarrilaren 28ko manifestazioetan parte hartzera deitzen zuena–, eta horrek bultzatuta agindu zuela Espainiako Poliziako koordinatzaileak –estadioko segurtasun indarren buruak– beste ikur batzuk kentzea, nahiz eta guztiz legezkoak ziren eta publizitaterik estaltzen ez zuten, Gorka Fiuza kazetariak nabarmendu bezala Diario de Navarra egunkarian. Gertatzen ari zenak estadioko giroa zikindu eta protestak eragin zituen, eta denbora gutxira pankartak eta banderak berriz jartzeko baimena eman zuten.
Osasuna eta askatasuna! ?? pic.twitter.com/iUlKwLc5F8
— ??????????? (@umoreaskea) January 15, 2023