Zinemaldia azken txanpan sartzeak ez gaitu oharkabean hartu. Berrikuntzak segituan dakar monotonia, eta filmen maratoia hasteak emozio gehiago zekarren amaitzeak baino. Azken saioetan txaloak ahulago sumatu ditut, motelagoak, euforia bukatuta; ez dakit ondo esku-ahurretako agujetek edo babek eraginda. Errutina berriarekin aspertu gara? A zer jarrera burgesa, pentsatuko luke batek baino gehiagok; osasuna bezain burgesa.
Klaseaz ari garela, Susanna Nicchiarelli italiarrak zuzendu du Miss Marx, Karl Marx zenaren alaba gazteena protagonista duen filma. Perlak sailean aurkeztu da, Veneziako zine-jaialdian agertu ondoren. Filmeko protagonista, Eleanor Marx, mugimenduko partaide aktiboa izan zen, eta feminismoaren eta sozialismoaren gaien loturak pentsatu zituenetako bat XIX. mendearen amaieran. Bide batez, oraindik eztabaida direnak gaur egun ere. Hausnarketak zein testuingurutan eman ziren azaltzeko filma da Miss Marx, Eleanorren bikote-harremanean zentratzen dena, batez ere.
Filma garaiko jantzi eta dekoratuez eraikitzen da, 1883an: Eleanorrek aita galdu berri du. Denok heroitzat duten irudiaren atzean gordetzen diren bestelako kontuak joango da onartzen alaba ezkutuko sekretuak entzun ahala eta bere txikitako oroitzapenen inguruan hausnartzean. Maitatua sentitzen ez den harreman batean harrapatuta, Eleanorrek emakumeen menpekotasun moralaz pentsatuko du. Zuzendariak badu saiakera bat ordukoa gaurkotasunarekin nahasteko, bai gaiaren bitartez, eta bai erabiltzen duen estiloaren bitartez (musika punka, aktoreen zuzendaritza gaurkotua). Freskotasunez kontatutako istorioa izan arren, korronte didaktikoan erortzen da askotan, kausa-ondorioetan gehiegi enfatizatuz. Badirudi gertatzen den guztiak lotura bat duela eta bide berean ulertu behar dela. Gainera, oinarri freudiarra duen premisa hura, zeinak dioen aitak zugan sinestu ez zuenez, halako senarra aurkituko duzula, agerikoegi gelditzen da. Pantailatik haratagoko ezagutzak erabiliak dira, gertakari historikoak azaltzeko ez den biografia pertsonal honetan.
Edición ilimitada izenburua jarri diote Horizontes Latinos sailean lehiatzen den film argentinar kolektiboari. Hitzaren inguruan bildutako lau zinegilek osatzen dute zuzendaritza, nork bere atala besteen segidan txertatuta. Elementu komun hori bakoitzak bere erara garatuz zuzendu dute filma Edgardo Cozarinsky, Romina Paula, Santiago Loza eta Virginia Cosinek. Batak besteari jarraitzen ez dioten lau laburmetraien elkarketak hiztegiko definizio anitzen formaren antza du, eta interpretazio libreari omenaldi egiten dio.
Begietako kataratak dituen agure baten istorioa kontatu digu Cozarinksyk, bere zaurgarritasuna emakumeengandik gertuago egoteko erabiliko duena. Lozak maisu izatea erakustea baino gehiago gustatzen zaion gizon baten eta bere ikaslearen harreman berezia erakusten du, lehenaren maitasun istorioa urratzen den bitartean. Cosinek "mundutxo" intelektualean deseroso sentitzen den emakume baten erretratua egiten du, bizitza bere narrazio literariopean doakiolarik. Azkenik, Paulak gidoi baten irakurtzea eszenaratzen du, testu errepresentazio batek sortzen duen sasi emakizuna sortuz. Estilo ezberdinetan egindako lanak gustura ikusten dira elkarren jarraian, film luze bat beharrean laburren funtzioa dela eman arren. Loturak iradokiak dira, baina ez finkatuak. Pertsonalki nahiago duzun horren alde jartzera eramaten zaitu, obraren osotasuna zatikatzera eta piezak banandurik pentsatzera. Eta horretan distira berezia egiten du Romina Paularen zatiak.
Argentinarra da Las mil y una filmaren zuzendari eta gidoilaria ere. Clarisa Navasen lanak 120 minutu irauten ditu, eta bi neskaren arteko maitasun istorioa du ardatz. Corrientes kanpoaldeko auzo batean oinarritzen da kontakizuna, zeinetan zurrumurruek liskarrek bezainbeste min ematen duten. Beldurrak gainditu eta segurtasun-faltari aurre egin beharko diote neskek, elkarrekin egon ahal izateko.
Navasek deserosotasuna lehen planora ekartzen du hasieratik, maitasun erromantikoaren filmetako elkarrizketa poetikoak guztiz deseraikita utziz. Nork bere gertuko taldean duen intimitateak ahalbidetzen dituen taburik gabeko elkarrizketek pentsarazten digute harreman posibleez, sexualitateaz, gaixotasunez eta segurtasunaz. Heteropatriarkatuaren kritika bizipenetatik egina da, era sotil baina bizian, eta ekintza handirik gertatzen ez den arren, harrapatuta jarraitzen du ikusleak istorioak irauten duen bi orduetan zehar. Pertsonaia bakoitzak bere sexualitatea bizitzeko moduarekin dituen kezkak pantaila zeharkatu eta haratago joaten dira. Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen inguruan ari direla segurtasuna hizpide duten halako batean esango dio batak besteari osasuna dirudunek asmatutako kontzeptua dela, eta haren izenean eraikitako moral eta legedian ez duela sinesten. Eta behera begiratuko du orduan maskaradun ikusleak, pantaila atzeko protagonistak ikusten ez duen norabaitera.