Osasunako presidente ohi Miguel Archancok epaiketaren bigarren egunean egin bezala, haren zuzendaritzako kide izan zen Txuma Peraltak ere Betisi 400.000 euro ordaindu izana soilik onartu du asteazkeneko sesioan. Gainerakoak ukatu egin ditu.
Peraltaren hitzetan, gainera, Betis taldeari Valladolid mendean hartzeagatik ordaintzea ez da iruzur egitea, pizgarri bat baizik, Berriako kazetari Joserra Senarrek nabarmendu duen bezala. Halaber, adierazi du Betiseko jokalariekin hartu-emanak Ángel Vizcay kudeatzaile ohiak eraman zituela, eta berari ere deitu ziotela, baina ez dakiela nork. Gainerakoan, kontratu faltsuak egin izana eta beste partida batzuetan iruzur egiteko dirua ordaindu izana ukatu du. "Vizcayk gezur mordoa esan zuen, estadioko kafe-makina zirudien", esan du Peraltak.
Asteazkeneko saioan Osasunako diruzain ohi Sancho Bandrés eta Fundazioaren presidente ohi Diego Maquírriainek deklaratu dute. Bandrések esan du ez zuela informaziorik klubaren kontutik ateratzen zen diruaz: "Ordainketa batzuk eskudirutan egiten zirela jakin izan banu, ez nuke onartuko".
Maquírrainek, bestalde, Vizcay eta Peraltarekin Sevillara joan izana onartu du, 400.000 eurorekin eskudirutan, baina adierazi du inork ez ziola esan diru hori partidak erosteko zenik.