argia.eus
INPRIMATU
Osasun sistemak porrot ez egiteko, legea aldatzea beharrezkoa dela dio Nafarroako Gobernuak
  • Osasun Legea aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Nafarroako Osasun kontseilariak, hala nola Osasunbidea enpresa-erakunde publiko bihurtzea, bestela “luze gabe sistemak porrot” egingo duela argudiatuta. Sindikatuak ez daude formula horrekin ados.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 11
Osasunbidea "erakunde malgu eta arin" bihurtu nahi du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroan indarrean dagoen Osasun Legea 1990ekoa da eta hori ordezkatzera letorkeen lege aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztua du dagoeneko gobernuak. “Ez badugu ezer egiten, luze gabe sistemak porrot egingo du, eta herritarrei ematen dizkiegun hainbat zerbitzu kendu beharko dugu”, adierazi du Fernando Dominguez Osasun kontseilariak, jardunaldi batzuetan. “Zerbait egin behar da”.

Lege proposamenak duen aldaketa polemikoenetakoa da Osasunbidea eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren izaera juridiko berria, enpresa-erakunde publiko gisa funtzionatu dezan. “Horrek ekarriko luke erabakiak hartzeko erakunde malgu eta arin bihurtzea, diru kontuetarako eta zentroen gestiorako autonomiarekin. Araudi juridikoak baimentzen duen autonomiarik handiena luke Osasunbideak”.

ELA eta LAB sindikatuak formula horren aurka daude. ELAren hitzetan, etorkizuneko langile kontratatuek funtzionario izateari utziko liokete eta, beraz, langileak kaleratu ahalko lirateke. LABek azpimarratu du eskubide ezberdineko langile taldeak sortuko liratekeela, zerbitzuetako batzuk pribatizatzeko atea zabaltzen dela eta gobernuak Osakidetzaren eredua jarri nahi duela Nafarroan.