argia.eus
INPRIMATU
Osasun sistema publikoa desegingo du Greziako Gobernuak
  • Osasun sistema publikoa deuseztatzea erabaki du Greziako Gobernuak: sistema berri bat onartu du, funtzionario ugari kaleratzea eta lehen mailako arreta pribatizatzea ahalbidetuko duena.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko otsailaren 10a
Murrizketa bortitzak jasaten ari da osasun publikoa Grezian.

Osasun Sistema Nazionala izango da ezarriko duten eredu berria. Ondorioz, 8.500 langile ingururen kontratua eten egingo da, eta horietatik batzuk berriz kontratatuko dituzte eta beste ugari kaleratu. Sistema berriak osasun aseguru-etxe baten moduan funtzionatuko du eta zerbitzuak erosiko dizkie hornitzaile autonomoei (anbulantzia zerbitzua, medikuak, diagnostikorako zentroak, klinikak…). Hots, pribatizazioaren ateak irekita utziko ditu sistema berriak.

Nazioarteko Moneta Funtsak, Europako banku zentralak eta Europar Batasunak osatzen duten Troikak agindutako 11.000 funtzionarioak kaleratu ahal izateko, Greziako Gobernua erakundeak desegiten ari da: Irrati telebista publikoa itxi zuten (eta 2.500 langile kaleratu), baita udaltzaingoa, Lanbide Heziketako 50 espezialitate, ospitaleak eta ikastetxeak ere, legalki funtzionarioak bota ahal izateko. Osasun sistema publikoarena izan da azken jokaldia.

Gainera, Greziako Gobernuaren 2014ko aurrekontuak beste 700 milioi eurotan gutxituko du Osasunera zuzendutako diru kopurua eta ez du euro bakar bat bideratuko osasun asegururik gabe daudenak artatuak izan daitezen. Gaur egun, urtebete baino gehiago langabezian daramatelako, greziarren %30 dago osasun aseguru hori gabe.

Krisi ekonomikoa abiatu zenetik, murrizketa politika bortitz bat jarraituz baliabide materialak, botikak eta langileak gutxitzen joan dira Greziako osasun sistema publikoan eta ikerketek azaleratu dute ondorioak larriak izaten ari direla herritarren artean. Besteak beste, gaixo eta kutsatu kopurua hazi egin da, azken urteotan.