argia.eus
INPRIMATU
Osasun sistema indartu ala kanpo-zorra ordaintzen segi?
  • Zilegi al da, herritar askoren bizitza jokoan dagoenean, osasun sistema ahulek beharrezko duten bultzada ekonomikoa ukatzea ala kamustea, Nazioarteko Diru Funtsari eta enparauei kanpo-zorra ordaintzen jarraitzeko? Koronabirusarekin batera, galdera hau ere barreiatzen ari da egunotan Hego eta Erdialdeko Amerikan.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 07a
FMIk onartu zuen otsailean Argentinako “zorra ez dela jasangarria”. Argentinako zor publiko orokorra 311.000 milioi dolarretik gorakoa zen 2019ko erdialdean, Barne Produktu Gordinaren %90 baino gehiago. Argazkia: AFP

Hego eta Erdialdeko Amerikako gizarteek desberdintasun sozioekonomiko sakonak dituzte, kolonialismoaren garaian sortutakoak eta XX. mendeko modernizazio kapitalistaren prozesuetan behin eta berriz eguneratutakoak. 1980ko hamarkadan, “munduak” joera ideologiko argia aukeratu zuen orduko krisiari aurre egiteko: neoliberalismoa. Kapitalak erakarri nahian, sektore publikoaren pribatizazio masiboen eskutik iritsi zen neoliberalismoa eta, defizitari erantzuna emateko, ongizatearen estatua deituari murrizketak ezarriz. Ondoren gertatutakoa ezaguna da, eta gaur egun, mundu zabalean, larrutik ordaindu ditugu sektore publikoaren desegitearen ondorioak: lehen mundu gerraz geroztik inoiz izan diren desberdintasun ekonomiko muturrekoenak.

Horren aurpegirik gordinetako bat Hego eta Erdialdeko Amerikan gertatu zen. Herrialde industrializatuetako eskariaren jaitsierak lehengaien prezioa hondoratu zuen eta interes-tasen gorakadak hegoaldetik iparralderako kapitalen ihesa areagotu zuen, zorraren benetako interes-tasa handituz besteak beste.

Kapitalismoaren egungo fase berriak aurretik kaltetuta zeuden sistema publikoak are gehiago hondatu ditu kasu gehienetan. Horren froga agerikoena osasun sistemetan ikus dezakegu.

 

 

Ekuadorko presidente Lenin Morenok aitortu du koronabirusak sortutako egoera ezin dutela kontrolatu.
Argazkia: El Universo

 

 

Eta orain, koronabirusa

Osasunaren Erakunde Panamerikarraren arabera, Hego eta Erdialdeko Amerikan bizi diren 630 milioi pertsonen % 30ak ez du osasun-arretarik jasotzeko aukerarik arrazoi ekonomikoengatik. Herrialde guztiak kontuan hartuta, Europak osasun publikoan inbertitzen duen erdia inbertitzen dute, batez beste. Soilik Kuba dago Europako herrialdeen gastuaren pare, Barne Produktu Gordinaren %10,6. Konparaziorako, Espainiako Estatukoa %8koa da.

Testuinguru honetan mundu osora zabaldu da koronabirusaren pandemia, baita Amerika osora ere, herrialde guztietako estatuaren egiturak eta bereziki osasun sistemarenak ispilu aurrean jarriz.

Europan ikusten ari gara pandemia honek utzi duen gabezien zerrenda luzea, ustez ranking guztietan goi mailetan agertzen diren osasun sistemetan; Italiakoa, Espainiakoa edo Osakidetza kasu. Hego eta Erdialdeko Amerikako kasuetan, gobernu neoliberalek behin eta berriz murriztu dituzten estatuetan, ezinbestean indartu beharko dute gihar publikoa erronkari heltzeko. Eta horrek inbertsioa esan nahi du, eta, ondorioz, zorra handitzea, gaixoak egoki artatzeko, jendarteko sektorerik ziurgarrienean fokua jarriz.

Zorretan dagoenak, zorra handitu?

Hego eta Erdialdeko Amerikako herrialdeen kanpo-zorra haien Barne Produktu Gordinaren %43,2aren parekoa da. Izugarri handia da Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Amerikako Garapenerako Bankua eta bestelako nazioarteko erakundeekiko estatuek duten menpekotasun ekonomikoa.

Beraz, galdera argia da. Pandemiari aurre egiteko, zilegi al da herrialde horiei eskatzea osasun publikoan politika eraginkorrak egitea, baina, aldi berean, kanpo-zorraren kuota erraldoiak ordaintzeari utzi gabe? Herritarren osasuna lehenetsi ala gehienetan bidezkoa ez den zorra elikatzen jarraitu?

Zorra ez ordaintzeko kanpaina martxan

Latinoamerikako Geopolitikako Zentro Estrategikoak (CELAG) abiatu du Hego eta Erdialdeko Amerikako kanpo-zorra barkatzeko kanpaina. Milioi bat sinadura lortzeari ekin dio, “osasun-larrialdiari eta horren ondoriozko krisi ekonomikoari” aurre egiteko ezinbesteko neurri gisa. Eskaerak, beste askoren artean, zenbait estatuko presidente ohik sinatu dute dagoeneko, adibidez, Dilma Rousseffek (Brasil), Luis Guillermo Solisek (Costa Rica), Gustavo Petro eta Ernesto Samperrek (Kolonbia), Fernando Lugok (Paraguai), Evo Morales eta Alvaro García Linerak (Bolivia), Rafael Correak (Ekuador) eta Jose Luís Rodríguez Zapaterok (Espainia).

Aipatzen dutenez, kanpo-zorra barkatzea beste une historiko batzuetan erabili izan den neurria da, gerretan, gaixotasunetan eta pandemietan, esaterako. Bigarren Mundu Gerran Alemania suntsitua izan ondorengo garaia da adibiderik ezagunenetako bat. Alemaniako zorraren funtsezko kopuruak barkatzea erabaki zuten nazioarteko indarrek.

Covid-19ren izaera unibertsala gorabehera, krisi honek, krisi guztiek bezala, ordena geopolitiko berri bat argituko duela azpimarratzen dute. Eta beraz, hainbeste zailtasunen aurrean, “kanpo-zorra barkatzea ekintza justua bezain beharrezkoa” da.