argia.eus
INPRIMATU
Osasun sektorearen erreformatzeko “plan masiboa” hitz eman du Macronek
  • Ma santé 2022 edo "nire osasuna 2022" izena jarri dio egitasmoari Frantziako Estatuko presidenteak. Ondoko astetik goiti abiatuko da egitasmoaren lantzeko fasea.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko maiatzaren 16a

Maiatzaren 14an hitz eman die ospitaleen eta osasun sektoreen erreformatzeko "plan masiboa" erizainei, bi orduko bideokonferentziaren baitan. Bi egun berantago Parisko ospitale batean egindako bisitaren baitan berretsi duen konpromisoa. "Ezer pasa ez balitz bezala ezin dugulako berriz abiatu", osasun sistema guztiari begiratu behar zaiola dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Gobernuak osasunaren sektorean eta batez ere ospitaleetan inbertituko duela hitz eman die: "Ospitale publikoaren erreformatze dinamika batean sartzera goaz, alde batetik ordain-sariak eta karrerak erreformatuz, beste aldetik inbertsioen bidea irekiz eta baita gobernantzaren erreformaren bidez ere".

Mea culpa: bai baina ez

2017an presidentearen aulkia hartu zuenetik erabakitako estrategian –zerbitzu publikoaren desegitean– "akatsa" izan dela aitortu du. Hala ere, "hamar urte lehenago hartu beharko zen super estrategia bat" zela gehitu izanak berresten du Macronek ez duela zerbitzu publikoaren desegitearekin inolako arazorik ikusten.

Ondoko asteetan hasiko du gobernuak kontzertazio fasea, tartean langile sindikatuekin elkarrizketak abiatuz.

Jada eman zuen Macronek osasunaren sektorea erreformatzeko egitasmo horren berri martxoaren 26an, Mulhouseko ospitale militarrean egindako bisitaren kari, baina inolako xehetasunik eman gabe. Osasun sektoreak azken urteetan bizi izan duen murrizketa politikak haserrea dakar sektoreko langileen baita orokorki herritarren artean ere. Aspaldiko partez, deskonfinamenduak aukera irekirik, manifestazioa burutu zuten maiatzaren 14ean: