argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren “propaganda” salatu dute LAB eta ELAk, Osakidetzako plantillaren zabaltzearen harira
  • Osakidetzak iragarri du 2.109 lanpostu egonkortuko dituela eta beste 358 sortu. LAB eta ELA sindikatuek erantzun dute itxurakeria kanpaina bat dela, behin behinekotasuna baimendutako %8 baino altuagoa delako oraindik ere.

Lide Iraola 2022ko urriaren 19a
Osakidetzan baimendutakoak baino behin behineko lanpostu gehiago daudela salatu dute / Artxiboko irudia: Mikel Arrazola

Osakidetzan 2.109 lanpostu egonkortu eta beste 358 sortuko dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak asteartean. Alegia, orain arte behin behinekoak ziren 2.109 lanpostu egiturazko egingo dira, eta 358 berriak lehen arreta indartzeko izango direla adierazi du. BERRIAk jaso duenez, abenduaren 31 baino lehen deituko dute postu horietarako lan eskaintza publikoetara. Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak goraipatu du “azken 20 urteetan Osakidetzaren plantillan izan den gehikuntzarik handiena” dela.

LAB eta ELA sindikatuek, ordea, azkar eman diote buelta irakurketari. Behin behineko lanpostuak egonkortzeari dagokionez, sindikatuek gogorarazi dute ez dela borondate kontua, baizik eta Iceta Legeak mugatzen duela kontratu osoen %8 izan behar direla gehienez behin-behinekoak. LABek salatu duenez, egiturazko 2.109 plaza berriekin ere, Eusko Jaurlaritzak kontratu mota horien muga gainditzen du Osakidetzan. Zehaztu duenaren arabera, 3.723 postuk dute egonkortzeko beharra, Jaurlaritzak iragarritakoak baino 1.256 gehiagok. 

ELAk propaganda kutsua hartu dio “plantillaren gehikuntza handienaren” berriari. Haren ustez, 2.109 langile gehiago egongo direla "saldu" nahi izan du Jaurlaritzak, eta ezkutatu lanpostu horiek dagoeneko existitzen direla, baina haien atzean zeudela “egiturazko funtzioei erantzuten dieten behin behineko langileak”. ELAk adierazi du are gehiago direla egonkortu gabe daudenak, 5.000 inguru, eta beraz, iragarritako plaza berriak ez direla nahikoak prekarietatearekin amaitzeko.

Modu berean, lehen arretarako sortuko dituzten 358 lanpostuak ere gutxiegi direla uste du ELAk, kontuan harturik kolektibo horretako langileek “lan karga oso handia” sufritzen dutela. Sindikatuak elegitea jarriko dio neurriari.