argia.eus
INPRIMATU
Osasun sailaren arabera COVID-19 positiboen datuetan jazotako akatsak ez du kalterik eragin osasun egoeraren kudeaketan
  • Azaroaren erditik ez dira zenbatu COVID-19 gaixo gisa antigenoen testean positibo eman duten pertsonak. Zenbaketan jasotako akats horren eraginez, publikoki adierazitakoa baino 200dik gora paziente gehiago izan dira ospitaleratutakoak.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 10a

Sars-Cov-2 birusaz kutsatutako ospitaleratuen kopurua zenbatzeko irizpidea aldatzea erabaki duela jakinarazi zuen asteartean Osakidetzak, ohar bidez. Ordura arte, antigenoen testean positibo eman duten pertsonak ez dira kontutan hartu zenbaketetan, eta soilik PCR probetan jasotako positiboen kopurua eman da ezagutzera ezagutzera. Ondorioz, benetako kasuak baino zenbaki baxuagoak eman ditu EAEko osasun zerbitzu publikoak sistematikoki.

Zehaztu dutenez, gaixo kopurua zenbatzeko irizpide akatsa azaroaren 15etik edo 16tik gertatu da; ordutik ez ziren kontatu COVID-19 gaixo gisa antigenoen testean positibo eman zuten pazienteak. Publiko egindako datuei antigenoen testen bidez jasotako positiboak batuz gero, publiko egindako datuetan adierazitakoa baino 256 pertsona gehiago lirateke azken bi asteetan ospitaleratutakoak. Ondorioz, COVID-19ren bigarren olatuaren une kritikoan ezagutzera emandako zenbakiak egiazkoak baino baxuagoak izan dira.

Gauzak horrela, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Iñaki Berraondo sailburuordeak azalpenak eman dituzte asteazkenean Eusko Legebiltzarrean. Bertan azaldutakoaren arabera, zenbaketan gertatutako “akatsak” egunero publikatzen den ospitaleratze datuei buruzko Osasun Sailaren buletinari eragin dio, baina defendatu dutenez horrek ez die eragin izurria kalkulatzeko irizpideei eta izurriaren kudeaketari. Egindako adierazpenen arabera, barrura begirakoan osasun zentro bakoitzak identifikatuak zituen kanpora begira emandako datuetan jasotzen ez ziren positibo horiek guztiak.