Mónica García ministroak ziurtatu du araudi zehatzak egongo direla lurrungailuen erabilera kontrolatzeko, eta zehatz-mehatz aztertuko direla hainbat egoera, “kerik gabeko espazioak zabaltzeko”.
Espainiako Osasun ministro Mónica Garcíak astelehenean iragarri duenez, Tabakismoaren Prebentziorako Batzorde Nazionalari (CNPT) agindutako “tabakoaren aurkako plan integralari” ekingo zaio berriz ere: “Ezin diogu muzin egin biztanleriaren heriotza-tasa gutxitu lezakeen neurriari”. Tabakoaren aurkako plana ezin izan zen gauzatu uztailaren 23ko hauteskundeak aurreratzeagatik. Plan horren arabera, autoan, terrazetan eta hondartzetan erretzea debekatzea aurreikusten zuten, baita zigarro elektronikoen erregulazioa eta zergak handitzea ere. “Kerik gabeko espazioak zabaltzea” izango da helburu nagusia.
Garcíak Tabakismoaren Prebentziorako Batzorde Nazionalaren iradokizunei jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Era berean, ministroaren taldeak garbi adierazi du “terrazak ere kerik gabeko espazioak” izango direla, eta zigarroez gain gero eta gehiago kontsumitzen diren bestelako lurrungailuek ere, “neurri zehatz batzuk errespetatu” beharko dituztela.