argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoaren hamarkadetako ahultzea aztertu eta aldaketa eskatu die LABek Urkullu eta Chiviteri
  • Sindikatuaren esanetan 90eko hamarkadan hasitako “osasun-kontrarreformak” osasun sistema ahuldu zuen, pandemian ez dira indartzeko nahikoa neurri hartu, eta egun “desinbertsioa” hasi dute Gasteiz eta Iruñeko gobernuek.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 14a
Argazkia: @LABsindikatua

Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra txostena aurkeztu dute LABeko ordezkariek astelehen goizean. Ipar Hegoa fundazioak egindako azterketa da, hainbat datu bildu eta interpretatzen dituenak. Konfinamendua ezarri zenetik bi urte bete diren honetan aurkeztu dute.

Igor Arroyo LABek oidazkari nagusi ondokoak azaldu duenez, “ Pandemia estres-test moduko bat izan da osasun-sistema publikoarentzat, eta azken hamarkadan salatzen genituen akatsak agerian geratu dira”. Harri berdinean birritan ez “hiru aldiz baizik” estropezu egin izana leporatu die LABek EAEko eta Nafarroako gobernuei.

90eko hamarkadaren amaieran osasun sistema publikoa ahultzeko erabaki politikoa hartu zuten bi gobernuek, LABen esanetan: “Azkuna eta Cervera buru zituen osasun-kontrarreforma” abiatu zen. Txostenak hainbat indizeren bilakaera jasotzen du, besteak beste biztanleko ohe kopurua, edo langileen behin-behinekotasun tasa. “Pandemiak agerian utzi zituen murrizketa, desegite eta pribatizazio politikek ahuldutako osasun-sistemaren lotsak, batez ere lehen mailako arretan”.

Irudia: Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra

 

Irudia: Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra
Irudia: Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra

Pandemia hasierako eta bitarteko politikak ere kritikatu ditu sindikatuak. Langile kopuruaren igoera “koiunturala” ez omen da nahikoa izan, prebentzioan ez da beharrezko arreta jarri, edo arduradunek emandako aginduak “maizegi” aldatu dira, noraeza sortuz. Baina oker nagusi bat azpimarratu du Arroyok: “Hasiera-hasieratik hartu beharreko neurria hartzea saihestu da: osasun-baliabide pribatu guztien esku-hartze publikoa, salbuespenezko une bati aurre egiteko. Klinika eta farmazia pribatuek herritarren pairamenen kontura egin dute abuztua”.

Azkenik, behin pandemiaren okerrena atzean utzita azken hamarkadetako okerren bideari berrekin diotela salatu du sindikatuak: “Desinbertsioa eta osasun-sistema indartzeko koiunturazko neurrien desaktibazioa, bai eta aurretiko gabezien metaketa ere, pandemiaren bi urteko ondorioekin”. Azken bi urteetan gertatutako aintzat ez hartzea “amorragarria” dela adierazi du Arroyok, eta gogoratu du sindikatuek aho batez eskatu dutela “egiturazko neurriak hartzea eta inbertsio handiagoa egitea osasun publikoaren sisteman eta, bereziki, lehen mailako arretan”. Urkullu eta Chiviteren gobernuei eskatu die erantzukizun politikoak hartu eta sindikatuen aldarrikapenak bete ditzatela.