argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoaren ginkana bihozgabea

Soiartze Avila Gonzalez 2022ko urtarrilaren 12a

Noiz utzi diogu gizaki izateari osasun publikoan? Ez dakit gainerako eskualdetan, baina Meatzaldean eta Ezkerraldean aspaldi.

4 urteko semea gaixotu zaigu aste honetan eta ginkana egin behar izan dugu osasun langileren batek artatzeko: hasteko, pediatrarik gabe jarraitzen dugu Trapagarango goiko auzoetan, hamar kilometro egin behar izaten ditugu gure umeak osa ditzaten. Jarraitzeko, hamar kilometrora dagoen osasun zentro horretara deitzean, Trapagarango osasun zentrora, alegia; ez dute beti telefonoa hartzen. Beraz, bertako gurasook larrialdietako telefonora deitu beste aukerarik ez dugu izaten askotan (gero esango digute alferrik betetzen ditugula lineak). Horixe gertatu zitzaigun guri herenegun.

Larrialdietako osasun langileak semearen sintomak entzunda, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko larrialdietara eramateko gomendioa eman zigun; semeak berehalako zaintzak behar zituen. Etxetik arrapaladan atera, umea autoan sartu eta hara abiatu ginen.

San Juan de Dios: kalea jendez lepo, barnea hutsik; harrituta sartu nintzen barrura. Harrerakoari haurraren datuak emandakoan, kalean itxaroteko eskatu zidan. Orduan hasi nintzen ulertzen arestian ikusitako irudia: kale gorrian zutik zain zeuden horiek guztiak semearen moduko pazienteak ziren. i-ka-ra-ga-rri-a! Urtarrila, negua, bost graduko tenperatura kalean, esertzeko toki bat bera ere ez eta gaixoak bertan, zain.

"Normala al da hori? Bidezkoa ez, baina normalizatu al ditugu horrelako egoerak? Ordubeteko itxaronaldia egin nuen semea besoetan nuela, hamazazpi kiloko semea"

Normala al da hori? Bidezkoa ez, baina normalizatu al ditugu horrelako egoerak? Ordubeteko itxaronaldia egin nuen semea besoetan nuela, hamazazpi kiloko semea. 45 minutu zain neramanean, bizkarra erdi lehertuta, lurrean esertzea erabaki nuen, haurra nire altzoan jarrita. Eskerrak ilaran zegoen pazienteetako batek barrura sartu eta gurpildun-aulki bat ateratzeko indarra izan zuen; eskaini zidan, eta bihotzez eskertzen diot. Nolanahi ere, zer gertatzen ari da ospitaleetan, kasu honetan San Juan De Diosen? Nork erabaki du gaixoak trapuen pare artatzea? Hori al da zaindu eta osatzeko modua?

Badakit, bai, arazo bat baino gehiago dago afera honetan. Hasierako arazoa, hau da, pediatrarik eza eta osasun zentrorako deiak ez hartzea, giza baliabide faltaren ondorioa da; hortaz, kudeaketa txarraren ondorioa. Osasun publikoan murrizketarik egin izan ez balute eta pandemia egoera aprobetxatu izan balute osasungintza indartzeko, ez genuke honelako problemarik izango orain. Kudeatzaile ezin txarragoak ditugu Eusko Jaurlaritzan, eta ezin koldarragoak, gainera; beti eraso egiten diotelako talderik zaurgarrienari, oraingo honetan haurrei eta Larreineta, Barrionuevo edo La Arboleda bezalako landa guneei.

San Juan de Dioseko arazoa, ordea, bestelakoa da: bihozberatasun falta ikusten dut nik hemen, enpatia falta, gupida falta, gizatasun falta, azken batean. Gaixorik dagoen giza jendeak (gi-za-jen-de-ak, ez dezagun ahaztu), ez luke kalean eta zutik itxaron beharko bere txanda noiz iritsiko, are gutxiago neguan. Eta erraza dirudi konponbidea, ospitale horretako korridoreak zabalak eta luzeak baitira; pandemia ezin da edozertarako aitzakia bihurtu. Oso nekeza litzateke aulki batzuk jartzea? hiru metroko distantziara elkarren artean, hogei bat aulki. Horretarako espazioa bada bertan.

Beste aukera bat ere bada osasun publikoaren ginkana bihozgabe honekin behingoz bukatzeko: urtarrilaren 23an, igandea, 12:00etan denok EAEko hiriburuetara jotzea; osasun langileekin bat egitea manifestazioan Eusko Jaurlaritzari bat-bateko neurri errealak eskatzeko. Aldarrika dezagun aski dela!