argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoaren eredu kezkagarria
  • Duela aste pare bat edo, Larrabetzuko alkate jaunaren haserrea irakurri nuen NAIZ egunkari digitalean. Iñigo Gaztelu jaunak zioen, herriko osasun zentroan, Osakidetzak –gabonetan– ez zuela beharrezko arreta eskaini.  Horrela irakurtzeak, eta herriko alkatea izanik herritarren kezkak plazaratzen dituena, nik uste hausnarketa serio samarra merezi duela.

Josu Iraeta 2020ko urtarrilaren 27a

Egia esan, gutxitan kezkatu izan naiz, osasun publikoaren barruan gertatzen  denaren inguruan, baina –agian nire urte bildumari esker– baita eskarmentu pertsonalari kasu eginez, zerbait esan nahi nuke.

Nire ustez, Osakidetzaren  barruan “kale” ugari samar ezagutu ditut,–batez ere azken urte hauetan– baina egitura kontuak baino, nik planifikazio filosofiari begiratu nahi diot, ez akatsari. Akatsak dakarren osasun profesionalen lana antolatzeko modu eta erabakiari, hor baitago “norbaitzuk” bultzatzen duten osasun publikoaren eredu kezkagarria.

Nik txalotzen dut Larrabetzuko alkate jauna. EAEko gobernuak “teorian” egiaztatzen duen arreta jaso ez zutenen ordezkaria. Bai jauna, hori da bidea. Argiago, nire ustez bide bakarra

Nik uste nuen, orain arte, Osakidetza, baita Osasun Bidea –mugako mendietan  bizi garen nafarrak, bietara jo beharrean gaude– administrazio publikoak guztion interes eta eskubideak bermatzea ziurtatu behar dituen sistemak zirela. Administrazioak sistema publikoaren bidez, kalitatezko osasun zerbitzu integralak eskaini behar dituela, alegia.

Baina ez dirudi horrela izaten ari denik, eta hori aztertu nahian, nire ikus puntua agertu nahi dut.

Osasun publikoa izendatzen dugun hori, derrigorrez hiru osagarri soziologikoen batuketa behar du izan:  

a.– Osagai profesionala

b.– Osagai instituzionala

c.– Arreta jasotzen dutenen ordezkaritza

Gai honi buruz zerbait  plazaratu dutenen artean, nik txalotzen dut Larrabetzuko alkate jauna. EAEko gobernuak “teorian” egiaztatzen duen arreta jaso ez zutenen ordezkaria. Bai jauna, hori da bidea. Argiago, nire ustez bide bakarra.

Tamalez, osagai profesionalak, mutu irauten du horrelako zentzugabekerien aurrean. Arrazoia, agian sistemaren akatsak, onurak eskaintzen dituela osasun pribatuen lanean dabiltzan medikuentzat, jakinik, asko, Osakidetzaren langileak direla. Hori bai bateragarritasun dotorea.

Osagai instituzionalari buruz, Jon Guajardo jaunak –ESIKO zuzendariak– “erantzun”  dio Larrabetzuko alkateari. Sistemaren iraunkortasuna eta erantzukizuna aipatuz, benetan gordetzen duena, zera da, Larrabetzuko biztanleari, “bere”, herriari dagokion  medikuaz gabetzen diola. Eta berea diot, legez dagokiona delako.

Hemen galdera pare bat: zuentzat hain garrantzitsua den sistemaren iraunkortasuna, benetan oinarritu nahi duzue, herritarrei legez dagozkion medikuen arreta gabetuz?

Ain arro oihukatzen duzuen Aldundiaren  bilketaren hazkunde nabarmenak, Larrabetzun legez dagokion medikua mantentzeko, ez dira aski?  

Aurrekontuak murriztuz, –agian beste sistemari bide emanez– mediku kontsultetan, ordezko tituludun profesionalak gabetuz, ez da bidea.

Hemen, gai honi buruzko nire iritzia.