argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoaren defentsarako plataforma sortu dute Barakaldon
  • Sindikatuen gehiengoak, talde feminista eta ekologista batzuek, eta zenbat auzo-elkartek BOPA, Barakaldo Osasungintza Publikoaren Alde plataforma sortu dute, "osasun-sistema publikoa, duina eta kalitatezkoa" defendatzeko.

Axier Lopez @axierL 2022ko abenduaren 27a
Argazkia: Ecuador Etxea

Arteagabeitia-Zuatzu, Arrontegi, Desertu Berriko auzo elkarteak, Lutxanako Auzo Etxea, Berri Otxoak, Barakaldo Naturala, Argitan talde feminista eta ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, STEILAS, CGT, ESK eta CNT sindikatuek sortu dute plataforma. Arreta-ordutegiak murriztearen, lan-prekarizazioaren, inbertsiorik ezaren eta zerbitzuak pribatizatzearen aurka elkartu dira eta beste udalerri batzuetan sortutako antzeko beste iniziatiba batzuekin koordinatzeko asmoa dute.

Murrizketa-politikek Osakidetza osoari eragiten badiote ere, nabarmendu nahi dute Lehen Mailako Arreta (osasun-laguntza osoaren % 75) "bertan behera utzi izanak eta inbertsiorik egin ez izanak" egoera "kritiko eta jasanezin" bihurtu dutela. Eusko Jaurlaritzak aplikatzen dituen neurriek, "osasun publikoa argaldu eta osasun pribatuaren gutizia" gizendu nahi dutela diote. Osasun-zentro eta ospitale publikoetako zerbitzuak desagertzearekin batera, osasun-aseguru pribatuen kontsultak eta klinikak ugaritzen ari direla azpimarratu dute.

"Jaurlaritzaren utzikeriak" eragin dituen ondorio batzuk zerrendatu dituzte: Osasun-zentroetako ordutegiak murriztea eta gaueko ordutegian Etengabeko Arreta Guneak ixtea; telefono bidezko arreta ezartzea, aurrez aurreko arretaren kaltetan, diagnostiko on bat egiteko arreta hori funtsezkoa bada ere; itxarote-zerrendak handitzea; medikurik gabeko kontsultak; kontsulta telematikoak, batez ere pertsona kalteberei eragiten dien eten digitala handituz; batez ere, adinekoen, dibertsitate funtzionala dutenen kasuetan.