argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoaren aldeko marea zuria Tolosara eta Iruñeara iritsi da
  • Hamarnaka lagun bildu ziren atzo Tolosan eta Iruñean, Espainiako Gobernua pixkanaka pribatizatzen ari den osasun publikoa eskubide unibertsala dela aldarrikatzeko. Espainiako Estatuko hainbat hiritara ere zabaldu da marea zuriaren indarra dagoeneko.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 18a
TOPAko kideak prentsaurreko batean ((irudia: osasunpublikoa.blogspot.com)

Tolosan hamarnaka lagun bildu ziren Triangelu plazan. “Ez, ez, ez, pribatizaziorik ez!” eta “osasun publikoa nahi dugu” oihupean bertako osasun-zentroraino joan eta eraikina sinbolikoki hartu zuten.

“Osasun publikoaren alde gaudela erakusteko eta, Tolosaren kasuan batez ere, publikoki kudeatutako eskualdeko ospitale bat eraikitzeko eta herriko anbulatoriotik kendu diren zerbitzuak itzultzea eskatzeko” bildu ziren bertan, Tolosa Osasun Publikoaren Alde (TOPA) erakundeko kide batek EITBri esan zionez.

Iruñean, 350 bat lagunek giza katea egin zuten Vianako Printzea zentroaren kanpoaldean. Geroz eta azkarrago gauzatzen ari den osasun publikoaren pribatizatzea arrisku handia dela eta herritar guztiek defendatu behar dutela aldarrikatu zuten. “Nabarmena da hau PPren eta PSOEren estrategia politiko bat besterik ez dela” aipatu du Patricia Ruizek, bertan bildu direnen ordezkariak.

Espainiako Estatuan ere beste hainbat manifestazio izan ziren atzo, Madrilen, Zaragozan eta Valentzian, esaterako. Pribatizazioaren atzean negozioa besterik ez dagoela salatu zuten herritarrek.