Hamar erakundek sinatutako idatzian “egoera hobetzeko” 50 puntu proposatu dituzte. Ekarpen zehatzak egiteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari.
“Osasun publikoaren sistema jasangarri egiteko” esku-hartzeak proposatzen dituen idatzia kaleratu dute medikuntza arloko zenbait erakundek. Osatzen, Osalde, Osasun Mentalaren Elkartea, ARSCAVI, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, EKA, Medicus Mundi, EFEK, Munduko Medikuak eta Hartu-emanak elkarteek sinatu dute 50 puntuko manifestua.
Testuaren bultzatzaileek adierazi dutenez, “etorkizunean gero eta jende gehiago egongo da egoera zaurgarrian osasun baldintzei dagokienez, eta adinekoak gero eta urte gehiagoz biziko dira”. Horregatik, zaintza profesional eta osasun zerbitzu gehiago beharko dela adierazi dute.
Zenbait eskaera egin dizkiete agintariei, osasun publikoa hobetzeko neurriak hartu ditzaten. Esaterako, datorren legegintzaldian EAEko BPGaren %1a Osakidetzara bideratzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Era guztietako proposamenak egin dituzte. Hala nola, lehen mailako arreta sendotzea, kontratu profesionalen prekarizazioarekin amaitzea, Espainiako osasun sisteman abortatzeko eskubidea arautzen duten legeak betetzen direla bermatzea edo pedagogia egitea medikuntza muga etikoak eta teknikoak dituen zientzia dela zabaltzeko.