argia.eus
INPRIMATU
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute
  • Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa garden zein parte hartzailearen alde egiteko.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 30
Manifestazioak izango dira larunbat honetan osasun publikoaren alde. Osasun Publikoa Aurrera

Promesa gehiagorik ez, konponbide errealak orain! lelopean antolatu ditzute mobilizazioak. Eusko Jaurlaritzari osasun sistema publikoa indartzea exijituko diote hiru hiriburuetako kaleetan. Plataformaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak osasun publikoa "desegiteko eta pribatizatzeko bidea" hartu du. "Inbertsio handiago eta hobeak" behar direla aldarrikatuko diote.

Lehen arretari eman diote lehentasuna. OPAk azaldu duenarena arabera, garrantzia prebentzioari eta osasunaren sustapenari emanez gero, gastua gutxituko luke, arreta hobea eskainiko luke eta sistemaren iraunkortasuna bermatuko luke.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, ukatu egin du Osakidetzaren pribatizazioa gertatzen ari denik. Alberto Martinez Osasun sailburuak nabarmendu duenez, "ez dago argumentu sendo edo solidorik" manifestazioak egiteko, eta azpimarratu du Jaurlaritza Europan medikuntza pribatuari diru gutxien bideratzen dion gobernua dela, %5arekin. Hala ere, herritarrek manifestatzeko eskubidea dutela esan du.

OPAren esanetan, osasun sistema publikoaren defentsan mobilizatzea "ezinbestekoa" da, eta profesionalen "lan baldintza prekarioekin" amaitzeko premia ere azpimarratu dute. Herritar guztiei dei egin diete otsailaren 1eko manifestazioetan parte hartzera. Bilbon 12:00etan hasiko da Jesusen Bihotza Plazatik, Gasteizen ere 12:00etan Bilbo Plazatik, eta Donostian 17:00etan Bulebarretik.