Abenduaren 14an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu Donostiako Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean, bereziki Lehen Arreta eta oro har osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatuz: "Osasun sistema publiko, doako, kalitatezko eta unibertsal bat bermatzeko beharrezko baliabideak jar ditzala eskatu diogu". Plataforman parte hartzeko deia eta hitzordua zabaldu diete herritarrei.
"Gaur euskal osasun sistema publikoa jasaten ari den narriadura salatu nahi dugu, bereizik Lehen Arretarena. Egunetik egunera gero eta egoera okerragoa bizitzen ari gara langile eta sistemaren erabiltzaile garen herritar guztiok: telefonoak kolapsatuta, pertsona helduen zailtasunak tramiteak web orrialdearen bidez egiteko, hitzorduen atzerapenak, aurrez aurrekoaren murrizketak... egun aurkitzen ditugun arazoetako batzuk besterik ez dira" azaldu dute plataformako kideek.
Plataformak azaldu duenez, 2008ko krisialditik ari da "narriadura progresiboa" bizitzen Osakidetza. Haien ustez, Gobernuak "pandemiarekin aukera paregabea izan zuen behingoz gauzak ondo egiteko. Aldiz, osasun sistema are gehiago okertzeko aukera gisa baliatu dute. Azken aste hauetako egoera eta positiboen kopuru altua kontuan izanda, bi pandemia urteren ondoren, zaila egiten zaigu pazienteen arretaren planifikazioan eta osasungintzako zerbitzu eta baliabideen antolaketan hobekuntzarik egin ezin denik sinistea".
Osasun publikoaren aurrekontuetako datuak xehe aztertu ditu plataformak: "Europar Batasunak osasungintzara bideratutako gastua BPG-aren %7an kokatzen du, hemen, Euskal Herrian bideratzen den gastua baino %2 gehiago. Datorren urteko EAEko aurrekontuen bidez osasunera bideratutako gastua handituko dela esan digute. Ez digutena esan ordea, zera da: errealki, hau da, hamarkada honetako austeritate
politikek eragindako eros ahalmen galera dela eta, igoera horrekin ere, inondik inora ez dela berreskuratuko 2009ko gastuaren maila, are gutxiago iritsiko gara Europako bataz bestekora. Horregatik, osasungintzara BPG-aren %7a bideratzea aldarrikatzen dugu, eta Munduko Osasun Erakundearen irizpideei jarraituz, Lehen Arretara horren %25a bideratzea".
"Frogatuta dago", berretsi du plataformak, "Lehen Arreta ardatz duen osasun sistemak jendartean osasun maila hobeak eskuratzen dituela. Herritarrentzako seguruagoa da, albo kalte gutxiago eragiten ditu, proba ezbeharrezkoak edota ospitaleko urjentziak ekiditen ditu eta jendartearentzako irisgarriagoa bilakatzen da, gehien bat sektore zaurgarrienentzat: pertsona helduak, paziente kronikoak, osasun mentalekoentzat, migratuentzat...".
"Osasun sistemaren pribatizazioaren aurka posizionatzeko unea da" aldarrikatu du. Pribatizazioa bi bidetatik gertatzen ari dela azaldu dute: "Batetik, bizitzen ari garen narriadura planifikatu honen ondorioz, erabiltzaileak behartu egiten dira seguru pribatuak kontratatzera, jakina den bezala, denon eskuragarri ez dauden seguruetara jotzera, alegia; bestalde, 'kolaborazio publiko-pribatu' delakoaren ondorioz, gure osasunerako eskubidearekin negozio ateak irekitzen dituzte. Honela, osasun sistemaren hainbat zerbitzu azpikontratatuz (zerbitzu 'ez-sanitarioak' gehiengoan, garbiketa, labanderia, mantenua, telefonia...) zerbitzuen kalitatea eta lan baldintzak okertu eta osasunarekin negozio egiten duen kolaborazio mota sustatzen dute. Gaur osasun sistema bere osotasunean %100 publikoa behar duela aldarrikatzeko elkartu gara".
Osasun publikoaren alde aktibatzeko eta plataforman parte hartzeko deia egin diete herritarrei, eta gonbidapena luzatu dute abenduaren 17an, ostiralez, 18:00etan Groseko Okendo Kultur Etxean egingo duten bilera irekirako.