argia.eus
INPRIMATU
Osasun mentala, zeren ondorioa?

Nagore González 2023ko abuztuaren 31

Orain dela hil batzuk, zenbait adinetako talde batean nengoen hainbat gairen inguruan hausnarketak egiten. Ni neu adin handiagoa nuen taldekidea nintzen eta gazteenak 14 urte inguru zituen. Osasun mentala gaiarekin geundela eta, bakoitzak bere ikuspuntua eman zuen. Neska gaztearen txanda iristerakoan hainbat esperientzia pertsonal kontatu zituen. Dirudienez, ez zen ondo sentitzen, psikologo eta psikiatrarengana joaten zen normalean eta psikofarmakoak hartzen zituen. Eskolan, buru gaixotasuna zela eta, irakasleek ez zuten nahi gelan egotea, eta etxean ikasteko neurria ezarri zioten. Babes neurri gisa bakarrik ez, irakasleen lasaitasun gisa ere gauzatu zela dio gazteak. Bere ustez, irakasleek ez dute arazorik nahi eta berak bere egoerarekiko ulermena eta enpatia bakarrik behar zuela zioen. Hunkituta gelditu nintzen ikustean zer nolako sufrimendua azaleratzen zuen hitz bakoitzeko.

Egoera horren ondorioz, informazioa bilatu nuen eta ezagutu nituen horrelako kasu gehiago. Dirudienez, bullying, osasun mental eta horrelako kasuetan, posible da irakasle bat gaztearen etxera joatea bertan heztera. Ez dakit nori laguntzen dion neurri horrek egia esan. Alde batetik, umeak edo gazteak ez du harremanik bere adinekoekin eta, beste alde batetik, pairatzen duen buru gaixotasuna ez da osatzen.

Agian haurrak garenetik osasun mentala kudeatu beharko litzateke. Ikasgai bat egon beharko litzateke emozioen kudeaketarako; emozio guztiak sentitzen ikasteko, azken batean

Datuek diotenez, 2021ean medikamentuen gehienezko kontsumoa egon da. Analgesikoen kontsumoa %50 areagotu da. Pandemiak ez du lagundu kontsumoa gelditzen. Adituek diotenez, 2011tik ez zegoen horrenbesteko kontsumoa eta gehien saltzen direnak antsiolitikoak eta antidepresiboak (Espainiako Estatuan salduenetariko taulan bosgarren postua dauka).

Psikofarmakoak dira gaur egun erabilienetarikoak osasun gaitzetan, eta gure inguruan ikusten dugunarekin, argi dago nahikoa ez dela. Erakundeetatik ematen den konponbidea da medikamentuen kontsumoa, eta urteak daramatzagu ikusten ez duela funtzionatzen, beraz, politika pasiboetatik aktiboetara pasatzeko beharrezkoa da. Agian haurrak garenetik osasun mentala kudeatu beharko litzateke. Ikasgai bat egon beharko litzateke emozioen kudeaketarako; emozio guztiak sentitzen ikasteko, azken batean. Triste egotea batzuetan ondo dago, ikasi egin behar da emozio hori kudeatzen. Arazoa beti triste zaudenean dator. Zer arazo izan dezake haur batek 8 urterekin medikatzeko? Benetan beharrezkoa da? Zer gertatzen zaio gazte bati bere buruaz beste egiteko? Zer sentitzen du 14 urteko neskatila batek gainezka eginda dagoela sentitzeko? Hau ez da onargarria. Ez dakit zer gertatzen ari den eta zerk sortzen duen hori guztia.

Neurriak arazoak sortu baino lehen ezarri behar dira eta ezin dugu onartu haur eta gazte medikatu eta tristeak dituen gizartea. Hau ez da batzuen arazoa, hau guztion arazoa da eta denon konpromisoa eskatzen du. Ezer egiten ez badugu, gizarte gaixoa izango dugu.

Nagore González