argia.eus
INPRIMATU
Osasun larrialdia berriz ere indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
  • Astelehenean berrezarriko da osasun larrialdi egoera EAEn. Erabakiak hartzeko Jaurlaritzak sortu duen batzordeak asteartean egingo du estreinako bilera, eta orduan ezagutuko dira lehenbiziko neurri zehatzak. Nekane Murgak eta Arantza Tapiak neurri murriztaile berriak aurreratu dituzte asteburuan.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 17a
Nekane Murga eta Arantxa Tapia larunbateko agerraldian. Argazkia: irekia.eus.

Ostiralean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko zuela astelehenetik aurrera. Legebiltzarreko hauteskundeak deitu aurretik indargabetu zuen larrialdi egoerara bueltatuko da EAE, ondorioz. Neurria indarrean egongo da EAEko aldizkari ofizialak iragartzen duen unetik aurrera. Jaurlaritzak erabakiak hartzeko batzorde bat osatuko du, zeinaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria egongo den. Krisiaren kudeaketan indar politiko eta sozial gehiagoren parte hartzea ahalbidetzeko espazioak sortzea eskatu diote Jaurlaritzari azken egunetan EH Bilduk edo Ahal Dugu indar politikoek, baina momentuz ez dago berririk norabide horretan. Jaurlaritzak osatutako batzordeak asteartean egingo du estreinako bilera, eta orduan ezagutuko dira hartzen dituen lehenbiziko neurri zehatzak. Espainiako Gobernuak ezartzen dituen mugen barnean hartu ahal izango ditu erabakiak Eusko Jaurlaritzak.

Murrizketa gehiago eta “zuhurtziaz” bizitzeko deia

Larunbatean, edonola ere, Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia jarduneko Ekonomiaren Garapen sailburuak agerraldia egin zuten zehaztapen batzuk aurreratzeko. Jakinarazi zuten neurri murriztaile berriak ezarriko direla COVID-19aren hedapenari aurre egiteko. Edukierak murriztuko ditu Jaurlaritzak, besteak beste. Irizpide orokorra hamar pertsona baino gehiago ez batzea izango da, nahiz eta salbuespenak izango diren –zinemak, esaterako–. Ostalaritzan eta garraio publikoan ordutegiak murriztuko dira. Beharren arabera herri edo auzo mailako neurri berezituak hartuko direla iragarri zuten jarduneko bi sailburuek. Herritarren konfinamendu orokorra baztertu zuen Tapiak, baina ez konfinamendu mugatuak.

Osasun larrialdiaren berrezartzea “atzerapausoa” dela onartu zuen Tapiak, baina “ezinbestekoa” dela defendatu zuen. Bere esanetan, hiru dira Jaurlaritzaren helburu nagusienak: osasun sistemak berriz ere gainezka egitea ekiditea; bigarren konfinamendu orokortu bat saihestea; eta “birusarekin bizitzen ikastea”, zeinerako “zuhurtzia” ezinbesteko jo baitzuen.