argia.eus
INPRIMATU
Osasun krisian ere pazientea bere hizkuntzan artatzea eskatu du nazioarteko hainbat eragilek
  • Eskaera nazioarteko zenbait langilek, erakundek, ikertzailek eta irakaslek egin diete Osasunaren Mundu Erakundeari eta tokian tokiko gobernuei. Jabetzen dira osasun eta gizarte langileak aurrekaririk gabeko presioa jasaten ari direla, hala ere, uste dute osasun eta gizarte zerbitzuetan gaixoaren hizkuntza errespetatzeak berebiziko garrantzia duela.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 21a
Argazkia: easyhealthoptions.com

Sinatzaileek Osasunaren Mundu Erakundeari, agintari publikoei eta osasun publikoko zerbitzuei eskatu diete gogorarazi dezatela zein garrantzitsua den krisi honetan hizkuntza zerbitzuen eskaintza aktiboa egitea. Alegia, pazienteari erabili nahi duen hizkuntzan zerbitzua eskaintzea, berak hala eskatu beharrik izan gabe.

Pazientea bere hizkuntzan artatzeak ebaluazio zorrotzagoak, diagnostiko zehatzagoak eta pertsona horien tratamendua eta arreta hobeto ulertzea errazten dituela dio gutunak, eta salatu dute munduan zehar pazienteak atzean geratzen ari direla haien hizkuntzan artatzen ez dituztelako. Gutunak dio, antsietateak gora egin ahala, hizkuntza gutxituetako gaixoek errazago joko dutela haien hizkuntzan egitera eta zerbitzuek haien hizkuntzan erantzuteak bidea errazten du informazioa emateko, jarraibideak emateko eta gaixoa lasaitzeko, baita gizarte-kohesioari eta agintari publikoekiko konfiantzari eusteko ere. Adierazi dute osasun eta gizarte langileen eta gaixoen arteko komunikazioa ez dela osagarria.

Azpimarratu dute hizkuntza funtsezko erronka dela krisi-kudeaketa egoki orotarako.

Gutunari atxikimendua Euskal Herriko, Kataluniako, Kanadako eta Galeseko erakunde eta norbanakoek eman die. Euskal Herrian erakunde eta elkarteen artean ondokoak daude: Administrazioa Euskaraz Taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Medikuntza Asanblada, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Kontseilua eta NUPeko Osasun Fakultateko Euskara Taldea. Sindikatu, alderdi politiko eta herri mugimenduak ere badira sinatzaileen artean.