argia.eus
INPRIMATU
Osasuna eta Eskubideak plataforma berria
“Osasun krisia norberaren eta gizartearen eskubideak murriztu gabe kudeatu behar da”
  • "Ez gaude ados orain arte eraman den osasun politikarekin", adierazi dute Osasuna eta Eskubideak plataformako kideek, COVID-19ari aurre egiteko neurrien inguruan, asteartean Bilbon eskainitako aurkezpen-prentsaurrekoan.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 23a
Sceaux hiria, Frantzian, iragan udaberrian / AP

Nekane Jurado ekonomialaria; Asier Arregi geobiologoa; Jan Schulz-Weiling azterketa globaletan masterduna eta Alemaniako Querdenken mugimenduko kidea; eta Patxi Alaña Biltzarre elkarteko kidea izan dira prentsaurrekoan, plataforma sortu duten talde eta herritarren izenean.

"Ez gara negazionistak", azaldu dute. "Baieztatzaileak, ikertzaileak, galderagileak eta zalantzadunak gara, bertsio ofizialetik kanpo dagoen iritzia kontuan hartzea nahi duen jendea".

"Egun batetik bestera herritarren eskubideak oinarri zientifikorik eta inongo justifikazio barik urratu dituzte", salatu dute. "Bertsio ofizialarekin bat ez datozen ahotsak isilarazi izana" kritikatu dute, eztabaida zientifikoari "ateak itxi" zaizkiolako. Osasun publikoan egindako murrizketekin bat ez datozela gehitu dute, ezta pertsona nagusiek zahar etxeetan "jasaten ari diren utzikeriarekin",  umeak sufritzen ari diren "distopiarekin eta izan duten erabateko konfinamenduarekin", edota musukoekin ibili beharrarekin ere.

"Poliziaren errepresioa" salatu dute, baita komunikabideek herritarren artean sortu duten "izua" ere. Zentzu horretan, "itzelezko zentsura" dagoela diote, herritarrek bertsio guztiak entzuteko eskubidea daukatela.

Eskaerak erakunde eta norbanakoei

Osasuna eta Eskubideak plataformak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "ikerketa batzorde independentea eta gardena" sor dezala, deseskalada plana indarrean ipini dadila "adierazle argiekin", zahar etxeetan bizi izan diren egoerak argitzeko eta eskoletako "zentzugabekeriarekin" amaitzeko, besteak beste. Halaber, Osakidetzari ere zuzendu zaio, eta eskatu gai honen inguruko ikerketa "serioa eta independentea" egiteko, osasungintzan murrizketak zergatik egiten ari diren publikoki azaltzeko, aurrez aurreko arreta berriro martxan jartzeko, eta EHUren testak zergatik baztertu diren azaltzeko.

Hedabideei ere deia, "beldurra" eta "zentsura" gelditzeko. Eta herritarrei, "hedabide ofizialetatik kanpoko" informazioa ere entzuteko eta auzo mailan edo sareen bidez antolatzeko.

Auto karabanak larunbatean

Plataformak auto karabanak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, larunbatean. Ondoren, 13:45etan, Oñatin bilduko dira guztiak.