argia.eus
INPRIMATU
Osasun krisia: Elkar zaintzatik borrokara!

Jalgi Urruña 2020ko maiatzaren 12a

Osasun larrialdi egoerak, egunerokoa aurrera eramateko zailtasunak dituzten familiak oraindik estutasun handiagoan jarri ditu. Horren jakitun, gure bete behar moral gisa ikusi genuen gure laguntza eskaintzea. Kalkulu politikoetatik kanpo, eta hitzetatik ekintzetara pasaz, Urruñako gazte asanbladarekin batera elkartasun sare bat osatu genuen. Horrela, 40 interbentziotik gora egin ditugu hilabete hauetan, pertsonen bizia eramangarriagoa eginez. Herri zaintza eta elkartasuna direlako lehentasun. Orain, osasun krisi hau momentuz gainditzear dagoela irudi duenean, egokia iruditzen zaigu gertatutakoaren inguruan gure iritzia ematea, bi puntu nagusi azpimarratu nahi ditugularik.

Lehenik eta behin, osasun krisi honek berriz ere argi utzi du etsaiek Euskal Herria okupatu eta menderatzeko edozein abagune erabiltzen dutela. Eta Kataluniakoarekin oraindik argi ikusi ez zutenentzat, Euskal Herriaren zati batek pairatzen duen autonomia estatutua hutsaren hurrengoa da:

Euskal Herriak ezin izan ditu, logika kapitalistatik kanpo, beharrezkoak ikusten zituen osasun neurriak hartu. Oraingo honetan, espainiar estatu faxistak ez ditu beraien morroi diren EAJko burges autonomistak ere kontutan hartu.

Tortura, erailketa eta menperakuntzaren ikur diren indar okupatzaileak areagotu dira gure lurraldean eta indar handiagoarekin praktikatu dute, hain ongi darabilten errepresioa. Iruñean kasu, armada ere bidali dute, Euskal Herriak haienganako duen gorrotoa apaltzeko asmoz, heroi gisa aurkeztuz. Baina erantzun aparta jaso zuten: herriaren mespretxua eta gaitzespena!

Euskal preso politikoak bahiturik ditugu. Orain arte jasaten zituzten askatasun murrizketak nahikoa ez balira, krisiaren aitzakiarekin bisiten debekuak, gutunen murriztea eta abar... gehitu dizkiete.

Gure hizkuntza nazionalak, euskarak ere jasan ditu ondorioak. Informazioa eta edukiak erdaraz ekoitzi dituzte, euskara bigarren planoan utzita berriz ere. Horren adibide garbia da ETB1 telebista katean ematen duten programazioa: hemerotekatik tiraka, aspaldiko saioak botatzen ari dira, audientziaren beherakada nabarmena ondorio.

Bestetik, osasun krisi honen larritzea sistema kapitalistan datza, langileak direlarik ondorioak gehien pairatuko dituztenak. Burgesiaren etengabeko aberastasun goseak ekonomiaren mantentzea dekretatu du langileriaren biziaren gainetik eta justifika ezinak diren erabakiak hartu ditu herritarrak kutsatzera kondenatuz.

Bide horretan esanguratsua da frantses gobernuak herrietako bere hauteskundeen lehen itzulia mantendu izana. Eskolak ixteko agindua eman eta bi egunetara hauteskundeak antolatu zituen.

Hamarkadetako politikak ondorio larriak ekarri ditu: zerbitzu publikoa suntsituz, erreformaz erreforma, langileak kanporatuz, krisi honi erantzuteko gaitasunak txikitzen joan dira beraien poltsikoak betetzen zituzten bitartean. Eta orain, duela gutxi arte protestetan kolpatuak izan ziren horiek dira herria salbatu behar dutenak. Kolpatuak izan diren horiek dira, material faltarekin eta babes neurririk gabe bizia arriskuan jarri behar dutenak. Kolpatuak izan diren horiek dira, soldata ziztrin baten truke familietatik aldenduta biziraun behar dutenak.

Etxean gelditzeko agindua ematen duten bitartean, krisiari aurre egiteko beharrezkoak ez diren lanetara bidaltzen dute jendea burgesiaren aberastea mantenduz birusaren kutsatzea biderkatuko duen arren.

Eta beraien gabeziak herritarrok ordaindu behar ditugu. Kapitalismoak isurtzen duen odola ez baita burgesiarena, herritarrena baizik. Horregatik, odol huste hori gelditzeko herritarrok partxeak jarri behar izan ditugu elkartasun sareen bitartez besteak beste.

Baina ez gaitzatela engaina, ez gara jaio kapitalismoaren salbagailua izateko, Euskal Herri Aske eta Sozialista eraikitzeko baizik!

Konpromisoz eta zintzotasunez askapen borrokari eutsi!