argia.eus
INPRIMATU
Osasun etxera iristea, desgaitasunen bat dutenen zailtasun handia
  • Desgaitasunen bat dutenei arreta emateko eta haien eskubideak bermatzeko lege bat onartu du Nafarroako Gobernuak. Prozesuan parte hartu dute Rafa Ardanazek, Juan Luis Garciak eta Manolo Palok.

Olaia L. Garaialde 2023ko urtarrilaren 05
Ezkerretik hasita, Juan Luis Garcia, Manolo Palo eta Rafa Ardanaz.

Garun kaltea daukaten pertsonekin lan egiten du Nafarroako Adacen fundazioak; bertako erabiltzaileak dira Rafa Ardanaz, Juan Luis Garcia eta Manolo Palo. Nafarroako Parlamentuak lege bat onartu berri du desgaitasunen bat dutenei arreta emateko eta haien eskubideak bermatzeko, eta Ardanazek, Garciak eta Palok legea sortzeko prozesuan parte hartu dute. Legeak arlo asko hartzen ditu kontuan, baina osasun publikoan jarri dute arreta. Kontent dira jasotzen duten arretarekin, baina garraioaren arabera nekez iristen dira hitzorduetara.

Urratsez urrats kontatu dute nolakoa den osasun arreta publikoa; hitzordua eskatzeko prozesuaz mintzatu dira lehenik, hortik abiatzen delako irisgarritasuna. Kontatu dute orokorrean ez dutela zailtasunik izaten telefonoz hitzordua eskatzeko; hala ere, Ardanazek esan du soilik telefonoz artatzen dutela, eta ez zaiola egokia iruditzen: “Erraz lortzen dut hitzordua, baina ganoraz eta aurrez aurre artatzea nahi dut”.

Palok aldiz, aurrez aurre izaten ditu hitzorduak. Astrain herrian bizi da, eta ostegunetan joaten da medikura; gainerako egunetan Zizur Nagusira joan behar da. Gehienetan arrebak deitzen dio medikuari; hala ere, berak deitzen duenean ez du arazorik izaten: “Telefonoz deitzen dudanean poliki hitz egiten badut dena ulertzen dute”.

Behin hitzordua hartuta, zailtasunik handiena osasun-etxera iristea dela kontatu dute. Ardanaz oinez joaten da osasun-etxera: “Etxe parean dago”. Palo eta Garcia ordea, autoan edo gurpil aulkian joaten dira; normalean ez dute arazorik izaten desgaitasuna daukaten pertsonentzako lekuetan autoa uzteko.

Beste garraio batzuk erabiltzeko aldiz, trabak izaten dituztela salatu dute. Taxiei dagokienez, Iruñerrian osotara 315 taxi daude, eta horietatik 24 baino ez dira irisgarriak desgaitasuna daukaten pertsonentzat. Urtearen hasiera honetan Eurotaxientzat hogei lizentzia berri egonen dira. “Behin medikura oso berandu iritsi nintzen Eurotaxia ez zelako iristen”, kontatu du Palok. Ez da kasu bakana, Ardanazek azaldu du kexa orokorra dela: “Jende asko kexatzen da asko itxaron behar dutelako eta berandu iristen direlako; gehienetan ordu bat egon behar zara esperoan”. 

Horrez gain, garraio publikoa erabiltzeko ere zailtasunak izaten dituztela azaldu du Garciak: “Billabesako maldak ez du ia inoiz funtzionatzen. Atzo berriz gertatu zitzaidan, eta gidariak aurreko atetik sartu ninduen, baina hortik zailagoa da mugitzea”.

Osasun-etxeetako sarbideen irisgarritasunari dagokionez, “finkoa” izan behar dela nabarmendu du Palok: “Malda bat jartzen dute soilik gu joaten garen egunetarako, baina aulkiarekin egunero sartzeko egokituta egon beharko litzateke”. Malda finkoak askatasunez mugitzeko aukera eskaintzen diela esan du Garciak: “Nahi dugunean joan gaitezke, eta ez gaude malda ateratzen duenaren menpe”.

Arretari ere erreparatu diote, eta “oso ona” dela nabarmendu du Garciak: “Oso ongi artatzen naute beti, eta medikuak oso ongi azaltzen ditu gauzak; hizkuntza aldetik ere irisgarria da, primeran ulertzen da dena”. Bat egin dute horrekin Palok eta Ardanazek, eta azpimarratu dute “oso garrantzitsua” dela osasun publikoari erreparatzea. “Legeaz hitz egin genuenean garrantzi handia eman genion osasunari”, esan du Ardanazek.