argia.eus
INPRIMATU
Osasun asegurua du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen ia laurdenak
  • EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako kolektiboentzakoak dira.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 30
Osasun zerbitzu publikoen aldeko elkarretaratzea, 2023koa.

Eustatek bi urtean behin egiten du aseguru pribatuen eboluzioaren inguruko azterketa eta 2023ko datuak eman berri ditu, EITBk jaso duenez. Batez beste Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %23,9k zeukan kontratatuta osasun asegururen bat. Herrialdeka banatuz gero, Bizkaian %30,7k dauka, Araban %19,4k eta Gipuzkoan %15ak. 2021etik 2023ra %4,1 igo zen osasun asegururen bat kontratatuta zeukan biztanleen kopurua. 2019tik 2021era, berriz, %6,4koa izan zen igoera, pandemia tarteko.

2023an, aseguru pribatuek 1,8 milioi kontsulta erregistratu zituzten. Ia kontsulten erdiak (%43,8) lau espezialitatetan bildu ziren: traumatologia (240.000), oftalmologia (191.000), obstetrizia eta ginekologia (184.000) eta dermatologia (158.000). Lehen mailako arretan askoz kontsulta gutxiago izan ziren: familia medikuntzakoak 129.000 eta pediatriakoak 87.000. 2023ko iraileko albiste honetan irakur daiteke, besteak beste, Osakidetzaren traumatologia eta oftalmologia sailetan zeudela itxaron zerrenda luzeenak (Itxaron zerrendak murrizteko Urkulluren plana: paziente multzoak ospitale pribatuetara).

Emakumeek gizonek baino apur bat gehiago kontratatu zituzten aseguruok (%52,8 eta %47,2, hurrenez hurren). Adin tarte nagusia 45 eta 64 urte artekoa da (%34,8), eta ondoren 25 eta 44 urte bitartekoa (%26,1).

2023an aseguru etxeek 398 milioi euro jaso zituzten, 2021ean baino %8,7 gehiago. %69,9 bizkaitarren patriketatik atera zen, %19,3 gipuzkoarrenetatik, eta %10,8 arabarren poltsikoetatik.

Gehienak aseguru kolektiboak izan ziren (%61,3), enpresentzakoak edo beste kolektibo batzuentzakoak. %33,9 banakakoak eta familiakoak izan ziren, eta %4,8 Espainiar Estatuko Administrazio Zentraleko funtzionarioen mutualitate publikoak. 2021etik 2023ra aseguru kolektiboak izan ziren gora gehien egin zutenak (%5,2), banakakoek eta familiakoek %4 egin zuten gora, eta, aldiz, mutualista publikoek behera egin zuten %8.