Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.
Euskal Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatuz, hilaren 23an manifestazioak egingo dira Bilbon (Jesusen Bihotzetik), Donostian (Bulebarretik) eta Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazatik), 12:00etan.
Abenduaren 22an ere bilkurak egin ziren Osakidetzako oinarrizko osasun zentroetako “egoera jasanezina” salatzeko. Ordutik egoera epidemiologikoak okerrera egin duela aipatu dute sindikatuetako ordezkariek, eta hala ere, ez direla neurri eraginkor gehiago hartu azpimarratu dute. Egoera txarra aspalditik datorrela diote, eta gogora ekarri dute jadanik 2019an lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituztela orduan jada “larria zen egoera” salatzeko.
Egoeraren deskribapenean gogor jo dute Osakidetzako ardura duten agintarien aurka: “Kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea areago prekarizatzeaz gain, pandemia aitzakia bihurtu da Osakidetzak murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko”.
Haien egoerari dagokionez, jasaten duten egoera gogorraren hainbat pasarte deskribatu dituzte: “Duela bi hilabete Osakidetzak 4.000 profesional alde batera uztea erabaki zuen; duela egun batzuk egoiliarrei doan lan egitera eskatzen ari zaie; plantillaren behin-behinekotasun-tasa % 60koa da; txertaketa- eta miaketa-ekipoak desegiten ari dira; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez dira ordezkatzen; eta, besteak beste, kutsatzeak gora doazenean, lehen arretako zentroen ordutegiak murriztea erabakitzen dute”.
Osasun publikoa denon ardura dela diote sindikatuek eta herritarrei, gizarte mugimenduei eta bestelako kolektiboei mobilizazioetan parte hartzera dei egin diete.