argia.eus
INPRIMATU
Osasun arloko langileek mobilizazio bateratuak hasi dituzte EAEn
  • Ostiral eguerdian lehen arretako zentroen aurrean batu dira "Honaino heldu gara! Leher eginda eta giza baliabiderik gabe" lelopean. Astebete barru ospitaleen aurrean kontzentratuko dira, eta urriaren 3an Bilbon manifestatzera deitu dute

ARGIA @argia 2020ko irailaren 18a
Gasteizko Olagibel kaleko lehen arretako zentroa. Argazkia: LAB

Oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalek berriz ere ezohiko batasun argazkia eskaini dute aste honetan EAEn. Asteartean irakaskuntzako sindikatu guztiek aho batez babestu zuten hezkuntzako greba deialdia, eta ostiral honetan beste horrenbeste egin dute osasun publikoko sindikatuek. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek mobilizazioa ziklo bati hasiera eman diote ostiral eguerdian, EAEko lehen arretako zentroen aurrean kontzentrazioak eginez –SAE da deialdietatik kanpo geratu den sindikatu bakarra, baina ez du ordezkaritzarik osasun arloko mahai sektorialean–.

Leher eginda eta baliabiderik gabe

Mobilizazioek bi helburu nagusi dituztela azaldu dute sindikatuek. Batetik, jendarteari ezagutaraztea bizi duten "muturreko egoera". Bestetik, Osasun Sailari eskatzea "arazo larrientzako" konponbideak: "Langile falta, behin-behinekotasun tasa altuak Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, errekonozimendu eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan-baldintzen narriadura etengabea". Asteotako deialdietarako aukeratu duten leloa argigarria da zentzu horretan: "Honaino heldu gara! Leher eginda eta giza baliabiderik gabe. Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde".

Arazo horiek denak COVID-19aren krisiarekin larriagotu izanagatik ere aspaldikoak direla salatu dute sindikatuek, eta politika jakin batzuen ondorio zuzena. Urteetan osasun arloan murrizketa politikak garatu dira sindikatuen esanetan, eta Osasun Sailak ez du elkarrizketa eta negoziaziorik ireki langileekin. "Lan-baldintzen okertzeak osasunaren kalitatean izan duen eragina salatu nahi dugu, osasun-larrialdia deklaratu ondoren oso agerian geratu den arren, azken urteotan ere gertatu baita", azpimarratu dute sindikatuek.

Aldarrikapen taula

Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriari aldarrikapen taula zuzendu diote sindikatuek, hainbat eskaerarekin: Europako Batasuneko bataz bestekoarekin parekatuko den aurrekontua osasun publikorako, "%25 lehen mailako arretara bideratuz"; langile kopurua handitzea eta behin-behineko langileak finko egitea, "Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesteko"; murrizketak berrikustea eta pribatizazioak indargabetzea; edo profesionalen lan baldintza egokiak eta osasuna bermatzeko neurriak.

"Arazo horiei aurre egiteko irtenbiderik proposatzen ez den heinean, guk mobilizatzen jarraituko dugu", ohartarazi dute sindikatuek. Momentuz, hurrengo asteetarako bi deialdi finkatu dituzte. Hurrengo ostiralean, hilak 25, ospitaleen aurrean kontzentratuko dira, eta urriaren 3rako, larunbata, manifestazio bateratua antolatu dute Bilbon.