argia.eus
INPRIMATU
Osasun arloko itunak euskararen garrantzia aitortu beharko luke

Unai Larrinaga Torrontegi 2024ko irailaren 30

Hasi da martxan Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk agindu zuen osasungintza sistema publikoa berregituratzeko Itunaren ibilbidea. Osasun Sailburuak irailaren 5ean aurkeztu die zirriborroa sindikatu, alderdi politiko, osasun elkargo profesional, unibertsitate, pazienteen plataforma eta enpresari plataformei. Jarri da, hortaz, kronometroa martxan eta abiatu da Osasun Mahaiak hurrengo hilabeteotan elkarlanean landu beharreko behin betiko plana.

Bien bitartean, gizartean bolo-bolo dabil Osakidetza eta berau berrantolatzeko Itunak izan behar dituen ezaugarrien eta neurrien inguruko eztabaida. Aspalditik entzuten dira sistemaren funtzionamendu kaxkarrak eragiten dituen ondoez eta arrangurak, bai paziente, bai profesionalen artean. Azken hilabeteotan prentsa bidez ezagutu ditudan bi aldarrik ikaratu naute. Alde batetik, sindikatu ezagun baten ordezkariek euskararen ezagutza "malgutu" beharra dagoela aitortu zuten uztaileko prentsaurreko baten, gaur egungo egoerak langile batzuen aurkako bazterketa eragiten omen duelako. Bestetik, osasungintzako langile plataforma batek manifestu bat plazaratu du non hizkuntzaren (euskararen) balioa gutxiesten den, paziente eta osasun profesionalen arteko erlazio komunikatiboari garrantzia kenduta.

Lehenik eta behin, Osasuna bera Osasunaren Mundu Erakundeak XX. mendean aitortutako eskubide unibertsala da, eta osasun arreta da bere zutabeetako bat. Arreta hori bermatu behar duten sistemek gizartearen osasun ondoezak sendatu, apaldu edo arintzea dute helburu eta, horretarako, pazientea eta sistema elkar ulertzea derrigorrezkoa da. Alegia, ebidentzia zientifikoaren arabera, pazientearen eta profesionalen arteko hizkuntza parekidetasuna garrantzitsua da osasungintzan gertatzen diren prozesu guztiak eraginkortasunez eta segurtasunez gertatu daitezen. Izan ere, irizpide hori da kalitate komunikatiboaren erreferentzia; eta ez da bakarrik osasungintzako ezaugarri zehatz bat, baizik eta edozein zerbitzuk bete beharreko gutxieneko kalitatezko berezkotasuna. Hori horrela, paziente euskaldunei kalitatezko arreta eskainiko dien profesional elebidunak behar ditugu.

Justizia soziala mantenduko duen bereizkeriak gabeko osasun sistema merezi dugu. Euskara ez da osasun sistemaren arazoen errudun, ezta langileria klasearen egoeraren erantzule ere

Bigarrenik, euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa, ofiziala, baita ere. Horrenbestez, euskal herritar guztiek daukate euskaraz jakiteko eta euskara erabiltzeko eskubidea, hala nola administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea. Hori horrela, osasun arreta euskaraz ere eskaini, eman eta bermatu behar da: ahoz zein idatziz, osasun sistemaren maila guztietan (lehen arretan zein ospitalean), edonon eta edonoiz. Horrela gertatuko ez balitz, euskaldunon aurkako bazterkeria arriskua egongo litzateke, gure arretaren kalitatea eta ekitatea kolokan jarriko liratekeelako gaztelera komunikazio hizkuntza lehenetsia duten pazienteekin alderatuko bagenu.

Hirugarrenik, osasungintza sektoreko langileen prekaritatea ez da EAEn gertatzen den arazo isolatua, baizik eta Espainiako Estatu osoko osasun sistema nazionalean dagoen afera. Baga, behin betikotasun orokortua kontratazioan. Biga, estabilizazio falta plantilletan. Higa, oposizio deialdi mugatuak eta horien ebazpen luzea (eta ez dezagun ahaztu euretariko batzuk gaur egun judizialki ikerketapean daudela oraindik lagunkeria zantzuak daudelako). Laga, osasun formakuntza espezializatuaren luzerako aurreikuspen falta.

Laburbilduz, ez diezaiogun kendu euskarari komunikazio eta erlazio klinikoan duen garrantzirik; sistemaren kalitate berme garrantzitsua baita. Justizia soziala mantenduko duen bereizkeriak gabeko osasun sistema merezi dugu. Euskara ez da osasun sistemaren arazoen errudun, ezta langileria klasearen egoeraren erantzule ere. Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez lirateke eztabaidagarrik izan behar.

Bukatzeko, Aintzat taldetik euskara gutxiesten duten diskurtso horiek salatu ditugu eta Euskal Herrian Euskaraz plataformarekin batera elkarlanean ari gara osasun sisteman euskarak beharko lituzkeen gutxiengoak zeintzuk diren zehazten.

Unai Larrinaga Torrontegi, Aintzat mugimenduko kidea