Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.
EH Bildu talde parlamentarioko Rebeka Ubera legebiltzarkidearen ekimenez, Osakidetzan herritarrek aurkeztu dituzten kexa, erreklamazio eta esker onei buruzko datuak ezagutarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Dokumentu honetan ageri dira 2024ko urtarriletik irailerako zifrak, kexa, erreklamazio eta esker onenak; honako honetan, berriz, 2023ko urritik abendurakoak; eta 2023ko urtarriletik irailerakoak, zatika: kexak, erreklamazioak eta esker onak.
2024ko urtarriletik irailera, 34.184 erreklamazio ipini dituzte herritarrek Osakidetzan, 7.697 kexa eta 1.331 esker on adierazi. Konparaketak eginda, iazko epe berean baino %20,5 erreklamazio gehiago jarri dira aurten, kexak paretsu mantendu dira –kopuru absolututan, hamabi gutxiago–, eta esker onak ere berdin –bederatzi gutxiago aurten–. Alde handia dago erreklamazio-orrietan: 5.833 gehiago erregistratu dira aurten.
Norabidea gehiago argituko da, dena den, aurtengo urte amaierako datuak jasotzen baditugu. Izan ere, erreklamazio gehien bildu ziren iazko bi hilabeteak, alde handiz, urria eta azaroa izan ziren –4.253 eta 4.233, hurrenez hurren–. Aurten zifra horiek birritan gainditu dira: ekainean 4.688 erreklamazio-orri aurkeztu ziren, maiatzean 4.436 –orain arteko datuekin, erreklamazio gehien jaso ziren bi hilabeteak–, eta urtarrilean 4.044, hain zuzen. Iazko ekaineko erreklamazioen datuak aurtengoarekin alderatuta, igoera %29koa izan da.
Bederatzi minutuero, kexa edo erreklamazio bat
Iaz, hamaika minutuero kexa edo erreklamazio bat ipintzen zuten herritarrek Osakidetzan; aurten, aldiz, bederatzi minutuero bat.
Esker onak, aldiz, 296 minutuero heltzen dira; bost orduero, alegia.