Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere itxaron-zerrenda luzeekin dute zerikusia.
Osakidetzari buruzko datu kontraesankorrak eman dituzte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta EAEko Arartekoak, egun berean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasungintzak jasaten duen egoera surrealistaren erakusle.
Asteartean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Manu Lezertua arartekoak herritarren kexa eta kontsultei buruzko urteko txostena, eta nabarmendu duenez, Osakidetzari buruzko kexak %70 igo dira aurreko urtearekin konparatuta. Zehazki, 441 idatzizko kexa tramitatu ziren iaz Arartekoaren bulegoan: “Nabaritzen da herritarren artean haserre eta sumindura handia daudela, osasun arretako sistemaren tentsionatzea jasaten dutelako eta etengabe okerrera egiten duela sumatzen dutelako”, azaldu du Lezertuak.
Legebiltzarrean emandako datuen arabera, Osakidetzari dagozkion kexen %25 lehen arretako eta arreta espezializatuetako kontsulten itxaron-zerrenda luzeengatik da, baita diagnostiko frogetan dauden atzerapenengatik ere. Zentzu horretan, beharrezko baliabide materialak eta pertsonala eskaintzea “premiazkoa” dela ikusi du Lezertuak, herritarren osasunerako eskubidea bermatuta egon dadin.
Osasun Saila: bi hilabeteko itxaron-zerrendak
Arartekoak txostena aurkeztu eta berehala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste datu batzuk aurreratu ditu itxaron-zerrenden inguruan –berez, geroago eskaini ohi ditu Osakidetzari buruzko datuak–. Horren arabera, itxaron-zerrendak 60 egun baino gutxiagokoak dira momentu honetan, bai kontsultetan, baita diagnostiko frogetan ere.
Arreta espezializatuetako kontsultetan, adibidez, 52,4 egunekoa da itxaronaldia, urtebete lehenago baino hemezortzi egun gutxiago. Ebakuntza kirurgikoetan, berriz, 180 egun baino gehiago itxaron behar dutenen zerrenda %66 murriztu dela nabarmendu du Alberto Martínez buru duen sailak; 435etik 153ra igaro da egoera horretan dauden pazienteen kopurua. Bestalde, beste ospitaleetara deribatzen diren pazienteen kopurua %57 murriztu da 2024ko uztailetik hona.
Osasun Sailaren arabera, uztailean Jaurlaritzak onartutako “txoke-plana” dago itxaron-zerrenden datu horiek erakusten duten hobekuntzaren atzean
Osasun Sailaren arabera, uztailean Jaurlaritzak onartutako “txoke-plana” dago itxaron-zerrenden datu horiek erakusten duten hobekuntzaren atzean.
“Makillatutako” datuak, eragile eta sindikatuen ustez
Osasungintza publikoaren aldeko eragile eta plataformek salatu izan dute Eusko Jaurlaritzak itxaron-zerrenden inguruan aldian-aldian zabaltzen dituen kopuruak “makillatuta” daudela, eta batez besteko itxaronaldiei buruz “prestatutako” datuak ematen dituela: “Ezkutatzen dute osasun-zentro eta espezialitate askotan itxaronaldiak 57 egunetik gorakoak direla eta kasu batzuetan bikoiztu ere egiten direla”, dio Osasun Publikoa Aurrera (OPA) herri plataformak bere manifestuan.
Sindikatuek, oposizioko alderdi politikoek eta langileek eurek ere salatu dute Osasun Sailak zenbait “praxi” erabiltzen dituela bestelako datuak eskaintzeko
Sindikatuek, oposizioko alderdi politikoek eta langileek eurek ere salatu dute Osasun sailak zenbait “praxi” erabiltzen dituela bestelako datuak eskaintzeko. Berria egunkarian Mikel Elkoroberezibarrek argitaraturiko erreportaje batean jaso ditu haien hitzak. Deribazioen kasua da praxi horietako bat: “Deribazioak eginda, estatistiketan datuak betetzen dituzte –dio LABeko osasungintzako ordezkari Maider Portolesek–. Hori Osakidetzak ordaintzen du eta modu bat da klinika pribatuak diruz hornitzeko”.
Eragile horiek diote datuekin gardentasun falta dagoela. Hala, SATSE sindikatuko idazkari nagusi Amaia Maiorrek erreportaje berean azaldu duenez “datu makroak ematen dizkigute, baina ez dakigu erabakiak noiz eta zer irizpiderekin hartzen diren”.
Pribatizazioaren “sorgin gurpila”
Euskal Herriak Kapitalismoari Planto plataformak duela egun gutxi argitaraturiko Osakidetzaren harrapaketa korporatiboa txostenean, arazoa askoz sakonagoa dela ondorioztatu du, eta atzean osasungintza pribatizatzeko prozesu bat dagoela. Diotenez, Osakidetzarekin nolabaiteko “sorgin gurpil” bat gertatzen ari da, desinbertsioa, itxaron-zerrendak, prekarizazioa eta osasun eskubideen murrizketa dakartzana.
Etekinen maximizazioa lehenesten da zerbitzuen kalitatearen eta lan baldintzen kaltetan, eta horrek, herritarren artean osasungintza pribatua “naturalizatzea” bultzatzen du
“Logika pribatizatzaileak dira inbertsio publikoaren gelditzea bultzatzen ari den eredu horren giltzarri”, diote txostenaren ondorioetan. Hau da, etekinen maximizazioa lehenesten da zerbitzuen kalitatearen eta lan baldintzen kaltetan, eta horrek, herritarren artean osasungintza pribatua “naturalizatzea” bultzatzen du. Plataformaren ustetan harrapaketa hori “irauli” eta osasun sistema publikoa zaintzea lehentasuna izan behar luke.