"Euskadik testa solik egiten die ospitalean daudenei sintomak dituzten funtsezko jardueretako langileei". Izenburu horrekin informatu du EITBk Osakidetzak bere langileei igorritako protokolo berriaz. Bertan adierazten dute nola jokatu koronabirusa duten gaixoekin eta kutsatze arriskua nola gutxitu. Atzo Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan zuen sintomak dauzkaten herritar guztiei ari direla testak egiten. Ez da hala.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan koronabirusa detektatzeko testak soilik egingo dizkiete arnasketa infekzioa duten ospitaleratutako herritarrei, edo ospitaleratzear direnei, osasun langileei eta sintomak dauzkaten funtsezko jardueretako langileei. Protokolo berriak aukera ematen du ulertzeko kolektibo zaurgarrietako herritar gaixoei egiteko testa.
Martxoaren 30eko data dauka Osakidetzak bere langileei bidalitako protokoloak. Bertan zehaztu dute ondorengoa: "ez zaie diagnostikorako rutinazko testa egingo arnasketa infekzioa adierazi arren aurrez aipatu kasuak ez diren herritarrei". Dokumentuan jaso dute testak negatibo eman badu bigarren test bat egiteko aukera "susmo kliniko eta epidemiologiko altuko pazienteengan", baita Osakidetzako langileei ere.