Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.
Uda hastear da eta, hori dela eta, urtero bezala Osakidetzak osasun-zentroetarako udako plana prestatu, eta sindikatuei aurkeztu die sektoreko mahaian. Osakidetzak iragarri duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden lehen mailako arretako zentroen %5,10ek murrizketaren bat izanen dute. Hau da, 339 zentroetatik 126k. Horrez gain, baliteke zentro gehiagotan eragitea murrizketek, oraindik zehaztu gabe dagoelako 58 zentrotako behin betiko lanaldien eta ordutegien plangintza. Plana aste honetatik aurrera martxan jartzeko asmoa dauka Osakidetzak.
Murrizketek lanaldiei eta ordutegiei eragingo diete. Izan ere, 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute; hortaz, 20:00etan itxi beharrean 17:00ak arte eskainiko dute zerbitzua. Horrez gain, 44 zentro itxita egongo dira udako egun batzuetan, eta hamar itxi egingo dituzte uda osoan. Osakidetzaren arabera, uda osoan itxiko duten zentroek astean ordubetez eskaintzen dute zerbitzua.
Osakidetzak dioenez, udan eskaria "jaitsi" egiten denez, eta lehen mailako arta sareari, EAG etengabeko arreta guneei, larrialdietarako zerbitzuei eta etxez etxeko arretari esker, zerbitzua "bermatuta" dago: "Kalitatezko osasun-laguntza profesionalen atsedenarekin eta negua gainditu ondorengo zerbitzu-eskaera txikiagoarekin bateragarri egiteko egin dugu plana".
Murrizketak: "betiko bidea"
Sindikatuek murrizketak kritikatu dituzte. ELAk, esate baterako, salatu du "geroz eta handiagoak" direla, denbora-tarte "handiagoa" hartzen dutela eta zentro "gehiagori" eragiten diotela: "Ez dago bermatuta EAG etengabeko arretako guneak ekipo guztiarekin irekiko direnik". Gaineratu du ez direla kontuan hartu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek egindako zenbait proposamen, eta "betiko bidetik" jo dutela; hau da, murrizketen bidetik. Sindikatuak salatu du langileen lan-karga "handitzen" eta herritarrei zerbitzua "murrizten" jarraitzen dutela eta ez dutela Lehen Mailako Arretaren “egiturazko arazo larriei” aurre egiteko planik.
Plana behin behinekoa denez eta argitu gabe dagoenez zenbat lanpostu bete gabe dauden EAGetan, CCOOk argia ez izatea leporatu dio Osakidetzari: "Bete gabe dauden lanpostuak mila baino gehiago izan daitezke; eta ez dute argitu zentroek profesionalen lantalde osoak izango ote dituzten. Horrez gain, hutsik geldituko diren lanpostuak betetzeko langileei aparteko orduak egitea proposatu diete; hau da, autokontzertazioa".