argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzaren lehen arretako egoera “jasanezina” salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte asteazkenean
  • SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, lehen arretako langileek Jaurlaritzari eskatuko diote sektorearen “arazo larriak” konpontzeko, “errotik” aldaketak eginez eta inbertsioa bultzatuz. Kritikatu dute COVID-19aren pandemia aitzakiatzat hartu dutela langile zein pazienteei murrizketa gehiago egiteko.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 20a
2019an greba egin zuten lehen arretaren egoera salatzeko. / Argazkia: ESK sindikatua.

Osakidetzako lehen arretako langileek kontzentrazioak egingo dituzte egoitza guztietan abenduaren 22an, asteazkenean, 13:00ean. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, eta Eusko Jaurlaritzari “berehalako neurri errealak” eskatuko dizkiote, lehen arretako egoera “jasanezinari” aurre egiteko.

Ohar batean salatu dute sektorea pairatzen ari den gainbehera, bai langileentzat baita erabiltzaileentzat ere. Ohartarazi dute “egoera larria” aspalditik datorren sokaren ondorioa dela: “Arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun krisia baino askoz sakonagoak”. Osakidetzari egotzi diote COVID-19aren pandemia osasun publikoan murrizketak egiteko aitzakiatzat erabili izana, eta salatu dute prekarizatu egin direla langileen lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea. “Osakidetzak segitzen du COVIDaren bidez egiturazko gabeziak estaltzen”, azpimarratu dute.

Gainera, kritikatu dute Jaurlaritzak ez duela urratsik emango osasun publikoko “arazo larriei” aterabidea emateko. Jakinarazi dute 2022ko aurrekontuen lege proiektuan EAEko gobernuak aurreikusi duela 2021ean gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago inbertitzea osasunean.

Eskakizun zehatzak

“Premiazkotzat” jo dute lehen arretako egoera konpontzea, eta zenbait eskakizun egin dituzte: aurrekontua Europar Batasuneko batez bestekora igotzea (BPGaren %7); 1.000 langile gehiago kontratatzea “berehala”, eta giza baliabide nahikoa jartzea kategoria guztietan; behin-behineko “milaka” langileak finkatzea; lan-karga banatzea eta ordezkapenak “lehen egunetik” bidaltzea. Hori guztia betetzeko, lehen arreta indartuko duen estrategia baten beharra aldarrikatu dute, duela hamarkada bat baino gehiagotik sektorea izaten ari den "desegiteari" kontrajarrita.