argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk
  • Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 11
2022an Osakidetzako langileen soldata-diskriminazioa salatzeko manifestazioa. Argazkia: ELA

Osakidetzaren murrizketek ez dute etenik eta gaur egungo egoera larriari aurre egiteko neurriak ez dira nahikoak ELA, LAB eta CCOOrentzat. Astelehenean, ekainaren 10ean, Osasuneko Mahai Sektorialak egindako bileran Osakidetzak eta Erizainen Sindikatuak (SATSE) adostutako neurrien aurrean, erantzunak ez dira positiboak izan. Larrialdietako mediku eta erizainekin aparteko orduen negoziazioa egin du Osakidetzak eta sindikatuak erabakiarekin kritikoak izan dira. Epe laburrekoak eta gutxiegiko neurriak direla nabarmendu dute eta gaur egungo arazo askoren aurrean egon den plangintza eskasa salatu dute. Aurtengo udan izango diren murrizketen artean, 44 zentro itxita egongo dira egun batzuetan, hamar zentrok uda osorako itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute.

ELAk “legealdi galdu baten aurrean gaudela” salatu du Osasuneko Mahai Sektorialak egindako bileraren ondoren, legegintzaldi berrirako egun gutxi falta direnean. ELAk salatu du Osakidetza duela lau urte baino egoera larriagoan dagoela gaur egun eta Osasun Sailak 30 urte daramatzala aparteko orduen ordainketaren irtenbide bakarra planteatuta. Aparteko orduak ordaindu beharrean langile gehiagoren kontratazioa eskatu dute ELAko kideek eta Osakidetzaren lan-baldintzekin lan egin nahi duen profesionalik ez dagoela ohartarazi dute. Ondorioa “langileen etengabeko ihesa” da, profesionalek tentsio eta estres-egoera larriak jasan baitituzte gainkargaren ondorioz.

LABek desadostasuna adierazi du mahai sektorialean hartutako erabakiekin. Epe laburreko neurriak hartzeak urtez urte narriadura handiagoa izatea eragiten duela azpimarratu du. Gogorarazi du udan Lehen Mailako Arreta zentroen %40k bakarrik funtzionatuko dutela normaltasunez, eta kritikatu du egoeraren aurrean “autokontzertazioa – aparteko orduetan oinarritzea – eta deribazioak/pribatizazioak” planteatu dituela zuzendaritzak. Plangintza eta konponbiderako borondaterik eza dela eta, LABek desadostasuna erakutsi du mahai sektorialean hartutako erabakiekin lau ideia aipatuta: egoerari “koiunturaltasun” izaera emateak neurri sakonik ez hartzea eragiten duela, adostutako neurriek profesionalen lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa zapuzten dutela, zuzendaritzaren gaitasunik eza plangintza iraunkor bat gauzatzeko eta proposamena erabat “diskriminatzailea” eta “arbuiagarria” dela, erizaintza eta medikuak bakarrik hartu direlako kontuan.

CCOOk azpimarratu du Osakidetzak sakoneko neurriak hartu beharrean epe-laburrekoak proposatu dituela aparteko orduen negoziazioaren bitartez. Epe laburreko, erdiko eta luzeko neurriak eskatu dituzte eta zenbait akordioren negoziaketa, esaterako, 2009. urtetik berritu ez den lan-baldintzak arautzen dituen akordioa edo 2016. urtean amaitu zen Osakidetzako Giza Baliabideak Antolatzeko Plana. 2023. urtean 31 milioi euro baino gehiago Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako autokontzertaziora bideratu zirela erakutsi dute eta Etengabeko Arreta Guneen (EAG) 855 txanda gaur egun bete gabe daudela.