argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzarako egiturazko irtenbideak
  • Osakidetzako arduradun politikoek diote EAEko osasungintzan ez dela murrizketarik izan eta ez dute ulertzen bertako langileek hiru greba egun deitzea. Antza denez, ez dituzte osasun publikoko zerbitzuak erabiltzen, erabaliko balituzte, langile gehienek bezala, murrizketa horien errealitatea aitortu beharko lukete.

Juan Mari Arregi 2020ko urriaren 22a
Osakidetzako langileen mobilizazioa (arg.: LAB)

Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen esanetan, EAEko osasungintzan ez dago murrizketarik eta ez dute ulertzen urriaren 29rako (Araba), azaroaren 5erako (Gipuzkoa) eta azaroaren 12rako (Bizkaia) hiru greba egun deitzea. Badirudi, euren artean hain ezberdinak diren bederatzi sindikatuk greba deitzeak (ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, esk, SAE eta UTESE) ez duela ezer esan nahi. Gainera, ez da aurreneko aldia, iaz ere lehen mailako osasun arretan hiru eguneko greba egin baitzuten, eta ekainean mobilizazioei ekin zieten berriro.

Arduradun politiko horiek, antza denez, ez dituzte Osakidetzaren zerbitzuak erabiltzen, agian aseguru pribatu onak ordaintzeko ahalmen ekonomikoa dutelako. Erabiliko balituzte, langile gehienek bezala, murrizketa horien errealitatea aitortu beharko lukete. Jakingo lukete zure familia-medikua duela urtebete erretiratu bada, gaur egun ez duzula hura ordezkatzen duen inor izango, eta lauzpabost mediku behar direla zuri arreta emateko, ez aurrez-aurre, telefonoz baizik. Proben atzerapenak, bestalde, sei hilabetetik gorakoak dira. Egin kontu.

Testuinguru horretan, logikoa, egokia, bidezkoa eta beharrezkoa da sindikatuen deialdia, egiturazko irtenbideak bilatzeko: Europako batez bestekoaren pareko osasun-inbertsio publikoa –%25 lehen mailako arretara bideratuz–; plantilla handitzea eta behin-behineko langileak finko bihurtzea, Osakidetzan 15.000 langile baitaude egoera horretan; erosteko ahalmena berreskuratzea; murrizketa guztiak lehengoratzea; langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea….

Bada garaia Eusko Jaurlaritzak bere propaganda-politika alde batera utzi eta Osakidetza euskal gizarteari ondoen zerbitzatuko dion erakundea izan dadin; osasun publikorik gabe ez baitago etorkizunik, ez bizitzarik, ez ekonomiarik.