argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzara ere “minijob-ak” iritsi direla salatu dute sindikatuek
  • Sindikatuek salatu dute “minijob” gisa ezagutzen diren soldata baxuko eta ordu gutxiko lanaldiak Osakidetzara ere iritsi direla. Lanaldiaren igoerak, eta oro har murrizketek, aldi baterako kontratazioak gutxitu dituztela adierazi dute, urteko lana ordezkapen horietan oinarritzen duten milaka lagunei zuzenean eraginez.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 03a
Sindikatuek Osakidetzako EEE egoeraz ohartarazi dute (www.eitb.com).

Peio Igeregi Osakidetzako ELAko ordezkariaren esanetan, iaz baino 2.000 kontratu “oso” gutxiago egin dira. Bere hitzetan, lehen hilabeteko ordezkapen kontratuak egiten ziren, orain ordea, egun bakarreko iraupena dutenak. Langileak egun bakarreko kontratu txikiak pilatuz doazela azaldu du, atsedenerako eskubide gabe.

LABeko ordezkari Edurne Agirrek Enplegu Erregulazio Espedienteen egoeraz ohartarazi du. Batez beste hilean 6.000 kontratu gutxiago egin direla esan du eta kontratazio partzialak benetako datuak ezkutatzen dituela.

Osakidetzak erantzun du kontratu finkoa duten langile kopurua ez dela aldatu. Jon Etxeberriak, Osakidetzako zuzendariak, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoa dena kontratatzen dutela gaineratu du, eta ez duela uste administrazio publikorako aldi baterako kontratuak bultzatzea ona denik.