argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?
  • Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko pauso bat gehiago da. Osakidetzaren helburu nagusiak hizkuntza lehenetsia aitortzea eta pazientea identifikatuta edukitzea dira. Alabaina, tresna berria iragarri dutenean ez dute azaldu nola bermatuko duten osasun arta euskaraz izatea.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko apirilaren 25
Osasun langilea pazienteari "e" ikurdun eskumuturrekoa jartzen. Eusko Jaurlaritza / Irekia.

Esparru sanitarioan, oso ohikoa da arta gaztelaniaz jasotzea, eta beti “Euskaraz-badakizu?-ka” ibili beharrean, amore eman eta makina bat aldiz egin du euskaldunak gaztelaniaz. Errealitatea horrelakoa izanda, euskaldunari euskaraz egiteko bidea erraztuko dioten tresna guztiak ongi etorriak dira. Lehendik ere ezaguna zaigu “e” ikurra, euskaraz dakiten osasun langileak identifikatzeko erabiltzen delako, eta zerbitzuetan ere sarri ikusi dugulako. Ikur horri esker, estres linguistikoa arintzen da, euskaldunak badakielako zuzenean euskaraz egin dezakeela.

Duela hamar urte, Osakidetzak erregistro prozesu bat abiatu zuen, zeinaren bidez herritarrek aukeratu zezaketen zein hizkuntzatan artatuak izan nahi zuten: euskaraz edo gaztelaniaz. Gaur egun ere erregistratzeko aukera dago. 370.000 lagunek aukeratu dute euskara.

Orain beste pauso bat eman du Osakidetzak. Ospitalean ingresatuta daudenek identifikaziorako eskumuturrekoa edukitzen dute ospitalean dauden denbora guztian. Larrialdietara heltzen direnekin gauza bera egiten dute, alta eman arte. Eskumuturrekoan izen-abizenak, jaioteguna, historia klinikoaren kodea eta beste hainbat datu jasotzen dira. Horiekin batera agertuko da “e” ikurra. Osasun langile orok jakingo du ikur hori ikusi bezain pronto paziente horrek euskaraz artatua izatea eskatua duela.

Eskumuturrekoari “e” sinboloa gehitzea proiektu zabalago baten parte da. Proiektuaren helburua da, Osakidetzak eta Osasun Sailak adierazi dutenez, “prozesu asistentzialaren kalitatea hobetzea pazienteen hizkuntza lehenetsia aitortuz, eta, bestetik, euskara lehenesten dutenak identifikatzea, euren hizkuntzan artatuak izateko aukera izan dezaten beti”. Aitortza eta identifikazioa, baina ez dago bermatuta euskaraz artatuko dutenik pazientea. Ez dute azaldu zein lanketa egin duten profesionalekin eta nola jokatuko duten eskumuturrekoan “e” ikurra ikusten dutenean. Osakidetzaren erregistroan euskara lehenetsita dugunok ez dugu alde handirik sumatu urte hauetan, ez gaituzte ginekologo euskaldunarengana bideratu edo profesional euskaldunik ez dutelako ez digute barkamenik eskatu ezin dutelako gure eskubidea bermatu. Niri inork ez dit inoiz esan “euskara lehenetsia duzu eta itxaron pixka bat, ea euskalduna aurkitzen dudan”.

Zertan lagundu dezake eskumuturrekoak? Agian aurrez aurrekoan eta unean unekoan eraginkorra izan daiteke. Alegia, profesionalak segituan ikus dezake ikurra eta berak eskaini arta euskaraz, pazienteak eskatu gabe. Eusko Jaurlaritzak, albistea emateko zabaldu duen oharrean, ez du esaten profesionalek nola jokatuko duten. Profesionalek badaukate protokolo bat “e” ikurra ikusten dutenerako? Hitz egin dute hizkuntza eskubideez? Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko hizkuntzak duen garrantziaz? Langileak ez badaki euskaraz dakienaren bila joango da?

Ongi etorriak euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko emandako pausoak, eraginkorrak badira bederen. Dena den, gogoan ditut Aitor Montes medikua eta Jon Zarate EHUko euskararen alorreko errektoreordea. 2022an, EHUren udako ikastaro oso bat baliatu zuten eskaintza aktiboa kontzeptuaz aritzeko.

Ikastaroa iragartzeko oharrean horrela definitu zuten eskaintza aktiboa kontzeptua: "Hizkuntza zerbitzuak osasun erakundeek erabiltzaileen eta profesionalen arteko hizkuntza mugak gainditzeko eskaintzen dituzten zerbitzuak lirateke; izan giza-baliabideak zein teknikoak. Hizkuntza zerbitzuen eskaintza aktiboa hauxe litzateke: lehenetsitako hizkuntza erabiltzeko gonbidapena, ahozkoa zein idatzizkoa; beti ere, eskaera baino lehenago eta erabiltzaileak eskatzera behartu gabe. Eskaintza aktiboa erakunde mailako neurrien multzoa litzateke, hizkuntza zerbitzuei ikusgarritasuna, eskuragarritasuna eta irisgarritasuna berma diezazkiena, erantzukizuna erakundeena izanik eta inola ere ez erabiltzaileena".

Aitortuta, erregistratuta eta identifikatuta egonda ere, estres linguistikoa gure gorputzean bizi baitugu, eta sarri ez dugu lortzen nahi eta behar duguna: euskaraz egitea.