Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.
Eusko Jaurlaritzako gobernu berriaren aldiko lehen protesta egun jendetsua izan da Osakidetzaren aferan. Osasungintza Publikoa Aurrera herri plataformek deituta, milaka herritarrek hartu dituzte kaleak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Sindikatu eta herri eragile ugari batu dira protestara, baita alderdi politikoak ere, EH Bildu, Sumar eta Podemos.
Osasun Sailari mezu argi bat eman nahi izan diote milaka herritarrek: "Ez dute balio promesek; egiturazko arazoek benetako konponbideak behar dituzte". Eredua aldatzeko eskatu diote, prebentzioan oinarritzeko, eta ez espezializazioan. Hala, lehen arreta lehenestea exijitu diote Osasun Sailari. Besteak beste, Durangaldea eta Aiaraldea eskualdeetako kolektiboek gogorarazi dute medikurik ez daukatela sarri haien osasun-etxeetan.
Osakidetzan egiturazko arazoak daudela nabarmendu dute manifestariek, eta esaterako Donostian, Berria egunkariak jaso duenez, oroitarazi dute Jaurlaritzaren aurreko gobernuak ez zuela hasieran arazorik zegoela aitortzen, eta gero, aldiz, baietz. Baina orain esaten dutela "dena konpontze bidean" dela. "Gu herritarren ondoan gaude, eta badakigu hori gezurra dela", adierazi dute. Hargatik, promesa gutxiago eta ekintza gehiago exijitu dituzte.